Gaur gauerdian zabalduko du Espainiako Arrantza Sailak berdel kanpaina. Gaur goiza orduko, berdel kanpaina gauerdian has zitekeen informazioa mugitzen zuten kofradietan; oraindik, baina, baieztatu bariko informazioa zen. Eguerdia orduko jaso dute egiaztapena, eta «poza eta lasaitasuna» azaleratzea baino ezin izan dute egin.
Ordurako Galiziako itsasontziak euskal portuetarako bidea hartuta zeuden. Zazpi zetozen Ondarroarako bidean.
Kanpainaren hasiera Espainiako Arrantza Ministerioa eta Galiziako arrantza zuzendariek atzo egindako bilera baten ondoren ailegatu da. Kuotaz hitz egin zuten beste behin ere.
Komunitateen arteko iritzi kontrajarriak tarteko, arrantza denboraldiaren hasiera hilabetez atzeratu da. Joan den barikuan ailegatu zen akordio batera Kantauri itsasoan arrantzatzen duten erkidegoen gehiengoa. Orduan amaitu zen adostasun horri helegitea jartzeko epea. «Aste honetan izatea espero dugu, egoera asko luzatzen ari da eta», kexu ziren aste hasieran Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantza federazioak.
Aste guztian egon diren zurrumurruak tarteko, arrantzaleek ez dute denborarik galdu, eta itsasora irteteko prestaketak egiten hasi dira. Hori izan da azken orduetan portuetan egon den giroa. Jose Maria Povedana Bermeoko
Beti Euskal Herria itsasontziko marinelak, esate baterako, hilaren 10erako prestatuta zeukan ontzia. «Lehenbailehen itsasora irtetea besterik ez dugu nahi, egunak aurrera doaz, eta berdela gure kostatik urrundu daiteke eta». Iban Loza itsasontziko patroiak hurrengoa zioen: «Horrek gastuak igo diezazkiguke».
Norvegiatik abiatzen da berdela hegoaldera bidean, eta Bizkaiko Golkoan sartzen da otsailagaz batera. Une honetan, mendebaldera mugitzen ari da, Atlantiko aldera. Horregatik, lurrean dauden arrantzaleentzat gogorra izaten ari da itxaronaldia: «Badakigu gure kosta parean daudela, baina ezin dugu itsasora atera».
Arrantzaleek berdela baino ez dute ikusten itsasoan arrantzaleek. Orain geldirik dago, kostaldean bertan, baina sareekin pixka bat aztoratzen dutenean ez dakigu norako bidea har dezakeen»
Beste aukerak lantzen
Arrantzontzi batzuek, baina, ez diote berdelari itxaron nahi izan. Batzuek denboraldiko lehen harrapakinen bila irten ziren joan den aste hasieran. Beste batzuek sardina eta txitxarro harrapaketan jardun dute berdelaren faltan. Ondarroako kofradian asteak daramatzate horrela, ondarrutarrak eta lekeitarrak tartean. Edonola ere, azken astean ezer gutxi arrantzatu dute. «Triste xamarra izan da azken astea», esan du gaur goizean Kalare Deuna kofradiako benta arduradunak. «Arrantzaleek berdela baino ez dute ikusten itsasoan arrantzaleek. Orain geldirik dago, kostaldean bertan, baina sareekin pixka bat aztoratzen dutenean ez dakigu norako bidea har dezakeen». Gauza bere zioten aste hasieran Gipuzkoako arrantzaleek ere: «Txitxarroen bila atera gara, baina gauza gutxi dago. Kostatik asko urrundu gara, eta, hala ere, ez dugu asko topatu».
Arrantzale gehienak, ordea, berdelaren zain daude, berarekin batera hasten baita urteko lehen kanpaina garrantzitsuena. Lehen errentagarriena ere bazen, «urte erdian jatekoa» ematen zien eta. «Orain gastuak estaltzeko baino ez digu ematen berdelak», esan dute.
Gehiegikeriak «ordaintzen»
Errentagarritasun horri, baina, gehiegikeriak batu zitzaizkien 2009 eta 2010. urtean. Behar zena baino berdel gehiago harrapatu zuten: lehen urtean baimendutakoa baino 80.000 tona gehiago, eta 20.000 tonatik gora hurrengoan. Hortik dator gaur egun Kantauri itsasoan behar egiten duten ontzi gipuzkoar, bizkaitar, kantabriar, asturiar eta galiziarrei jarritako zigorra. 2023 urtera arte luzatuko da. Bitarte horretan, berdel kuota txiki bat banatu beharko da askoren artean. Edonola ere, iazkoa baino %136 handiagoa izango da aurtengo kuota. Modalitateen arabera, 11.483 tona dagokio ipar-mendebaldeko eta Kantabriako itsasertzeko arrasteari, hasiera batean ezarritako 6.479 tonen aurrean. Zerkoko modalitateari dagokionez, 13.700 tona dagozkio; urtarrilean 7.731 tona ezarri zieten. Beste modalitateei, amuagaz arrantzatzen dutenei, 14.773 tona ezarri dizkiote, komunitateen arteko banaketagaz (8.335 tona ziren lehen). Europako kostaldeko estatuek bost urterako akordio bat adostu dute. 1.240.000 tonako harrapaketa kopuru baimendua zehaztu dute 2014rako.