
Ondarroako Udal Kirol Batzordeak mendiagaz lotu nahi izan du aurtengo kanpaina: Egunero gozatu mendiaz! lemapean, egitasmo bat baino gehiago ipini dute martxan, Aurrera Mendi Taldea lagun. Denen ahotan dabilena, dudarik barik, urte osorako iragarritako erronka bat da: Ondarrutarrak egunero Kalamendira baietz!
Urtea hasteagaz batera, urtarrilaren 1ean hasi zen egitasmoa bere bidea egiten. Banako eta taldeen parte hartzeagaz, pausoak ematen doa. Erronkak helmuga Kalamendi izatea ez da kasualitatea: «Inguruetan dagoen mendi tontorrik adierazgarrienetakoa da, dudarik barik, eta seguruenik, ondarrutar gehienok joan gara bertara, behin bada ere», adierazi dute kirol batzordeko kideek. Aurrera Mendi Taldeak, esate baterako, urte asko daramatza urteko azken egunean Kalamendiko mendi irteera antolatzen, eta herriko mendizale asko batzen dira bertan, giro ederrean batu ere.
Egitasmoaren helburua 2014. urteko 365 egunetan ondarrutarren bat Kalamendira joatea da. Urtea luzea izanik, izan daiteke «hutsune» bat edo beste egotea, baina antolatzaileek argi daukate: ez dute «porrot» modura hartuko. Izan ere, ziur daude egun gehiago izango direla Kalamendira ondarrutarren bat baino gehiago joango direnak, inor joango ez diren egunak baino.
Guztia modu antolatu batean kudeatu ahal izateko, turismo bulegoa da kanpainaren ardatza, bere kokapenak zein ordutegiak aukera ezinhobea eskaintzen du eta. «Bertara joan eta izena ematea eskatzen dugu. Aurreikusitako egunean beste herritar bat edo batzuk joatekotan badira, berdin da, egun horretan ere joan daiteke, noski». Ostera, «malgutasun apurra» balego, komenigarria litzateke inor ez doan egun horietako batean izena ematea. Era horretara, hutsune bat beteko litzateke.

Oraingoz, baina, hutsunerik ez da egon. «Egia esan, ez genuen espero horrelako erantzunik izatea». Hasiera batean, hainbat herritarrengana hurbiltzekotan ziren antolatzaileak, besteak beste, langabezian zeudenengana,erretiratuengana, txandaka lan egiten dutenengana…, gehien bat astelehenetik barikurako egunak betetzeko. «Asteburuak betetzeko baikor geunden, eta ‘berez’ joango zelakoan geunden. Baina, esan bezala, erabat haluzinatuta gaude, eta esan dezakegu ‘herri erronka’ modura hartu dutela hainbat ondarrutarrek, eta beraiek joateaz gain, bakoitzaren inguruan zabaltzen ari dela».
Datuak ez dira ez, txantxetakoak. Urtarrilean 264 lagun joan ziren Kalamendira –emakumezkoak 101 eta gizonezkoak 163–; jasotako argazkiak 150 izan ziren; otsailean askogatik gainditu ziren aurreko zenbakiak: 393 lagun igo ziren tontorrera –emakumezkoak 181 eta gizonezkoak 212–. Jasotako argazkiak 232 izan ziren. «Eta martxoan otsaileko datuak gainditzeko bidean doaz».
Kopuru horien guztien atzean jende asko dago. Badago taldetxo bat nahikoa joaten dena, eta askotan joan direnak aipatzekotan Amaia Ugartetxea eta Gotzon Danbala dira horiek. «Baina, jakina, gure helburua ez da inoiz izan lehia bat sortzea. Bakoitzak ahal duen neurrian parte hartzera animatzea baizik, denon artean, ondarrutar guztion artean, alegia, erronka hau lortzen ahaleginduz. Beraz, asko dira behin joan direnak edota behin joango direnak, eta horientzat ere, noski, gure eskerrak».
Eta hori guzti hori herrian bertan kartel bakar bat ipinita lortu da. Izan ere, kanpaina sare sozialetan ari da egiten bereziki. Martitzenero eta eguenero webguneko kirol agendan ematen dute kanpainaren berri, eta egunero Facebook-en argitaratzen dituzte eguneroko argazkiak eta eguneroko oharrak. «Bertatik ikusten dugu jende askorengana ailegatzen garela. Izan ere, asko izaten dira mezuak, ekarpenak eta animoak». Gainera, webguneko pantaila nagusian txoko bat prestatu dute: argazki guztiak ikusteko aukera dago nahi denean.
Sariak irabazteko aukera
Ezinbestekoa ez bada ere, Kalamendira doazenei «ahal badute, behintzat» argazki bat atera eta kirolagenda@gmail.com helbidera bidaltzea eskatu diete. «Gure aldetik, argazkiak jaso ahala, udalaren webgunean prestatu dugun txokoan argitaratzeko konpromisoa hartzen dugu, herritar guztiek ikusi ahal izateko».
Bestalde, hilero jasotako argazkiekin hileroko zozketa egiten dute. Horretarako, hamabi babesle behar dira, eta zortzi badaude honez gero. «Ea beste lau ere laster bilatzen ditugun». Martxoko zozketan, adibidez, arraun taldeko arropak eskuratzeko aukera izango dute mendizaleek.
Eta zelan ez, horrelako tamainako erronka bat ez litzateke inora ailegatuko herritarren inplikaziorik barik. Horrenbestez, kirol batzordeak eta Aurrera mendi taldeak kanpainan parte hartzen dauden ondarrutar guztiei eskerrak eman nahi dizkiete. Eta oraindik Kalamendira joateko aukerarik izan ez dutenei hurrengo mezua helarazi nahi izan diete: «Erronka polita delakoan gaude, animatu zaitez! Lortuko dugu denon artean, ziur baietz!».