
Gaizka Likoana eta Zurine Gojenola gazteei eta Galarrenari elkartasuna adierazi eta epaiketa politiko guztiak eteteko eskatuko dute Lekeitioko Libre taldeak eta herriko kultur eragileek. Horretarako, Libre Gala antolatu dute, 19:00etan hasita, Ikusgarri zine aretoan. Herritarrei parte hartzeko gonbidapena egin diete antolatzaileek, «babes modura zine aretoa betetzeko erronkari kolpe egiteko» eskatuz.
Gala kulturaz bete-bete antolatu dute: bideo emanaldiagaz hasiko da; ondoren, Txili Lauzirika eta Miren Agur Meabe idazleek poesia ekitaldia egingo dute, «galarako bereziki prestatu duten testuekin», antolatzaileek azaldu dutenez. Bertsoak ere izango du bere lekua galan. Xabat Galletebeitia eta Aissa Intxausti ariko dira kantuan, eta amaieran, musika saioari egingo diote tartea herriko hiru taldek: McOnak, Saji eta Txapelpunen musikaz gozatu ahalko dute ikusleek. Galak dirauen bitartean, herriko hiru artistak margolan bat osatuko dute.
Epaiaren zain
Otsailaren 4an amaitu zen 26/11 auzia. Azken saioan gazteen errugabetasuna defendatu zuen Kepa Manzisidor abokatuak. Gaizka Likonaren kasuan berea ez zen etxe bat miatzera joan zirela esan zuen, eta ez zutela zergatirik azaldu. Gojenolari dagokionez, bere aurkako froga bakarra bilera batean parte hartzea dela azpimarratu zuen defentsak.