
Herrigunean dauden Berriatuko Urepeleko bi iturrietatik ezin da urik edan. Ur azterketa batzuk egin ostean, Udalak debekua jartzea erabaki du.
Iturburuak dituen hiru iturrietatik bitan ura edatea galarazi dute. Kutsadurak dirauen bitartean, futbol zelaiko eta errepide ondoko iturriak itxita daude. Horretarako, iturri bien parean ura ez edateko gomendatzen duten kartelak jarri ditu Berriatuko Udalak. «Kartelak ipinita dauden bitartean, herritarrei iturri hauetatik urik ez edateko eskatu nahi diogu», azaldu du Imanol Mugartegi, Berriatuko alkateak.
Gastroenteritis kasua ekidin nahian
Orain egun batzuk egin zituzten ohiko ur-azterketetan bakterio kutsakor baten presentziaren berri eman zieten Berriatuko udal ordezkari eta agintariei.
Azterketen arabera, ura koliformearen taldeko bakterio batek kutsatua dago, eta, berau herritarren osasunarentzat guztiz «txarra» ez baldin bada ere, iturriak itxitzeko erabakia irmoa hartu dute. «Izan ere, biztanlego batzuen artean inolako eraginik ez badu ere, beste batzuengan gastroenteritisa eragiten du».
Hasiera batetik Arriola jatetxe inguruan dagoen Urepel iturburuko ura edangarria da, eta bertatik lasai edan daiteke berau. Hortik «herriko beste bi iturrietara doan punturen batean egon behar du kutsadura, eta hori konpondu arte ez ditugu herritarrak arriskuan jarri nahi».
Udaletik ez dakite oraindik uraren ibilbidearen ze puntutan dagoen kutsadura gunea, baina hori aztertzen ari dira, arazoa lehenbailehen konpontzeko.
Azken egunotan, ur azterketak beste puntu batzuetan ere egin dira, kutsadura hori zehatz mehatz non dagoen ikusi eta ura berriro edangarri bihurtzeko.