
17 abokatuk, unibertsitateko irakaslek eta kazetarik osatutako talde batek ia 400 sinadura bildu ditu herriko tabernen kontrako 35/02 sumarioa salatzeko. Ahozko epaiketa duela gutxi egin zuten Auzitegi Nazionalean.
Felix Cañada, Txema Montero eta Nazario Oleaga abokatuak, Pedro Ibarra Zientzia Politikoetako katedradun erretiratua, Rafa Sainz de Rozas Zuzenbide Penaleko irakaslea eta Paul Rios Lokarriko koordinatzailea izan dira sinadura bilketaren bultzatzaileetako batzuk.
«Epaiketa sekula ez zuten egin behar izan, justizia auzitegien erabilpen politikoaren adibide argi bat da-eta. Egilearen zuzenbide penala aplikatu dute, etsaiaren zuzenbide penala alegia, nahiz eta Auzitegi Gorenak (20/07/2006 sententzia) zuzenbidezko Estatu demokratiko batean lekurik ez duela erabaki», azaldu du Felix Cañadak.
Aniztasun politikoaren kontrakoa
Cañadaren ustez, «ETAren finantziazio operazio konkreturik ezin izan dute frogatu eta zuzenbide penala erabiliz, legez kanpo diren alderdietako buruzagien eta aniztasun politikoaren kontra egiten ari dira».
Era berean, «ideiak kriminalizatzen» ari direla salatu du. Izan ere, «akusatuen eta erakunde terroristaren arteko loturarik ezin izan dute demostratu».
Horregatik, Cañadak, herritarrak «epaiketa politiko gehiago ez egitea» eskatzera animatu ditu. Abokatuaren esanetan, «epaiketa politikoek bakearen etsaiei egiten die mesede bakarrik» eta «arerioaren zuzenbide penalaren aplikazioak» desagertu egin behar du justiziaren inpartzialtasunari kalte egiten diolako. «Aniztasun politikoa, ideologia eta adierazpen askatasuna, eta biltzeko eskubidea errespetatu behar dituzte, elkarbizitza demokratikorako oinarriak finkatzeko».