Zinema aretoak bete-bete egin dira joan den asteburuan. Txarteldegietan
jende ilada luzeak egon dira. Emilio Martinez-Lazaroren
8 apellidos vascos filmak ikusmin handia sortu du batean eta bestean. Horrela, Ondarroako zinema aretoak «sarrerak agortuta» jartzen zuen kartela ipini behar izan du egun bat baino gehiagotan. Ondorioz, asteon barriro proiektatuko dute
8 apellidos vascos filma aipatu bi herrietan.

Filmeko fotograma bat.
Martxoaren 15eko asteburuan hasi zen sukarra. Eta joan den asteburuan sukar hori Lea-Artibaira eta Busturialdera ailegatu zen. Horren adibide da Ondarroako Bide Onera zinema areto digitalean gertatutakoa.
Barikuan eskaini zuten lehenengo saioa, 22:00etan. Eta filmea ikusteko herritarrek zuten grina hain zen handia ze, batzuk, euren borondatez eta horrela nahi zutelako, lurrean eserita ikusi zutela.
Zapatuan eta domekan ere aretoa bete-bete egin zen. «Guk,Ondarroan, aukera ematen diegu herritarrei sarrerak Kutxabanken kutxazain automatikoetan erosteko. Eta gehienek hori egin dute, batez ere gazteek», azaldu du Jose Antonio Arantzamendi Ondarroako Bide Onerako arduradunak.
Errealitate horren aurrean, Bide Onerako arduradunek karteldegia mantendu, asteon estreinatzekoak ziren beste film berria, Capitan America: el soldado de invierno, atzeratu eta aste osoan
8 apellidos vascos filma proiektatzen dabiltza. «Harrigarria izan da film honek sortu duen ikusmina; poztekoa da zine aretoa egunez egun jendez beteta ikustea», gaineratu du Arantzamendik.
Herritarrei, halaber, Kutxabanken sarrerak erosteko aukera daukatela gogorarazi die Arantzamendik. «Aspalditik eskaintzen dugu aukera hori, baina jendea orain hasi da konturatzen, film honen harira».
Horrela ba,
8 apellidos vascos filmak beste behin ere Ondarroa eta Gernika-Lumoko aretoetako protagonista izaten jarraituko du, besteak beste, beste asteburu batez. Eta filmaren inguruko iruzkinak, ikuslegoari gustatu ala ez, herritarren ahotan egoten jarraituko dute.
Onerako zein txarrerako, 8 apellidos vascos filmak zeresana eragin du, behintzat.
ORDUTEGIA: Ondarroako Bide Onera zinema areto digitala
- Gaur, martitzena. 19:00etan.
- Bihar, eguaztena. 19:00etan.
- Etzi, eguena. 19:00etan.
- Barikua, martxoak 28. 22:00etan.
- Zapatua, martxoak 29. 19:00etan eta 22:00etan.
- Domeka, martxoak 30. 19:00etan.
- Astelehena, martxoak 31. 19:00etan.