
Mendexako Karraspio, Lekeitioko Isuntza eta Ispasterko Ogella hondartzak nahiko garbi aurkitu dituzte aurten Artzabal Surf Elkartekoek. Hala ere, dozena bat poltsa baino gehiago bete zituzten zaborrekin elkarteak antolatutako
Hondakin Ahaztuen ekimenean parte hartu zuen taldeak. Urlutxuko eskaileratan aurkitu zuten hondakin kopuru handiena.«Jendeak pasa ahala botatzen dituenak», esan dute.
Bigarren urtez, eta Surfrider Foundation Europek egindako deialdiagaz bat eginez, hondartzen garbiketa antolatu zuen Lea-Artibaiko surf elkarteak. Karraspion hasi zuten ekimena baina, «ez zuten gauza gehiegirik batu». Ondoren Salvaje garbitu zuten eta hurrengo Isuntza. Hirurak nahiko garbi aurkitu zituzten, Urlutxuko ingurua izan ezik. «Eskaileratan eta belarretan hainbat zabor aurkitu genituen», azaldu dute antolatzaileek. Horrela, eskailera horietako hondakinekin lau poltsa handi bete zituzten.
Azkenik, Ogella hondartzako eskuineko aldea eta ezkerreko zati bat garbitu zituzten, eta «beste urteetan baino hondakin gutxiago» aurkitu zuten bertan. Botilak, latak, plastikoak, txikotak, sareak, eta edateko yogurt potoak batu zituzten hondartzetan. Bai eta jostailuak eta komuneko tapak ere. «Hondartzak garbitzeagaz gainera, jendearen kontzientziazio mailan eragitea da ekintzaren asmoa», azpimarratu dute antolatzaileek.