Balea Elkarteak antolatuko du jaieguna. Apirilaren 5ean izango da. Antolatzaile aldaketak ereduaren aldaketa ere ekarriko du, gazte jendea jaira erakarri eta haien inplikazioa lortzeko helburuarekin.
«Betiko jendea prest dago lanerako, baina ordezkoak falta dira. Horri buelta eman nahi diogu», azaldu dute Balea Elkartekoek. Horri lotuta, jaieguneko azken ekitaldirako pop-rock kontzertu bat antolatu dute portuan, Lauroba eta Manent taldeekin. «Jaia guztiek ondo pasatzeko egiten da, baina, lehenengo, jaia bera antolatu behar da».
Azken xehetasunen faltan, egitarau zabala prestatu dute: kalejira eta berdel pintxoen dastaketa izango dira goizean, Goiko Plazan eta Beheko Plazan; herriko koralen emanaldia egongo da eguerdian, Zabiel plazan; arratsaldean, berriz, trikitilarien kalejira eta berdel dastaketa egingo dira portuan. Kontzertuarekin amaituko dira jaieguneko ekintzak.
Azken bilera irekia
Azken asteetan egin diren bileretan 40 boluntarioren inplikazioa lortu du Balea Elkarteak jaieguna aurrera ateratzeko. Apirilaren 4an izango da azken batzar irekia, 19:30ean, udaletxean. «Jende guztiari dei egiten diogu parte hartzera». Bilera ondoren, 20:00etan hasita, Mutrikuko Berdel Aipamena egingo da, udaletxeko udalbatzar aretoan.