
«Alde batetik musika dago, eta beste alde batetik liburua dago, baina gure anbizioa da bi esparruetako elementuak erabiliz hirugarren gauza bat sortzea, musikaz soilik eta hitzez soilik azaldu ezin dena». Horixe Wim Mertens musika konpositore flandriarrak eta Kirmen Uribe ondarrutarrak beren buruei jarri dieten erronka. Elkarrekin sortu dute
Mussche ikuskizuna, eta azaroan Madrilen estreinatu ostean, gaur eta bihar jokatuko dute Euskal Herrian lehenengoz. Bilboko Arriaga antzokian, eta Donostiako Kursaal aretoan, hurrenez hurren, 20:00etan.
Orain bi urte ezagutu zuten elkar Bilbon bi sortzaileek,
Askoren izenean jaialdian. Antolatzaileek musikari batekin errezital bat egiteko aukera eskaini zioten Uriberi, eta Mertensekin gogoratu zen berehala. 70eko hamarkadako korronte minimalistako konpositore nagusietariko bat da musikaria, eta ezagun zuen haren lana ondarroarrak. Horregatik egin zion proposamena, eta hark onartuta, orduan elkartu ziren lehenengoz oholtzan. Eta eskura izan dute oraingoan aitzakia bigarrenez elkartzeko. Izan ere, Uribek 2012an kaleratutako
Mussche nobela da gaur estreinatuko duten emanaldiaren funtsa. Euskal Herria eta Gante batzen ditu kontakizunak, eta horregatik erabaki dute berriz batzea Euskal Herriko eta Flandriako sortzaileek. Bromati eman du azalpena musikariak. «Saio hartan ez ginen elkar gorrotatzera heldu, eta bigarrenez elkartu gintezkeela pentsatu genuen».
Topaketa batekin hasten da eleberriko kontakizuna: 36ko gerraz ihesi, Santurtzitik Gantera heltzen da Karmen izeneko neskatoa, eta Robert Mussche idazle flandriarra hartzen du han etxean. Eraldatu egingo du esperientzia horrek idazlea, giza eskubideen alde jardutera bultzatu, eta II. Mundu Gerran nazien aurkako erresistentzian murgilduko da, azkenik. Benetako gertakizunak ditu oinarri Uriberen lanak, eta eleberria abiatzen duen topaketa hori da Mertensenganaino eraman duena. «Bertan kontatzen direnak ezezagunak ziren baita belgikarrontzat ere», azaldu du musikariak. «Senideek ez zuten familia artxiboa zabaldu nahi izan, eta nik ez dakit nola, baina Kirmenek lortu zuen Flandria barruraino sartu, eta flandriarrok ere ezagutzen ez genuen informazioa ateratzea». Uribek azaldu du zergatia: «Euskal idazle baten zain zeuden».
Irakurketa, musika tresna
Eta batu egin dituzte kontakizunaren bi muturrak berriz Mertens eta Uribek orain. «Modu berezia asmatu dugu liburuko giroak oholtzara eramateko». Eleberriko pasarteak irakurriko ditu Uribek, eta pianoa jo eta kantatu egingo du Mertensek. Bere errepertorio zabaletik hartuko ditu kanta gehienak, baina badira ikuskizunerako propio sortu dituen batzuk ere tartean. Musikariak azalpena: «Erronka bat da hau niretzat, eta erronka bat da hau beretzat. Lehen aldia da halako kolaborazio at egiten dudana». Eta gero Uribek baieztapena: «Nik, adibidez, une batzuetan, azkartu egin behar izaten dut irakurketa, eta beste une batzuetan moteldu, eta une batez diskurtsoa hautsi egiten dugu». Ia musika tresna gisa erabiltzen dute irakurketa, beraz. Baina une batez soilik. Narrazio bat du emanaldiak oinarri:
Mussche nobelakoa. Eta kontakizun hori ulergarri egitea izan da Uriberen aukeraketa.
Oinarri horren gainean, ordea, bakarka funtziona dezaketen pasarteak hautatu ditu. Liburutik hartutakoak guztiak, baina baita beren kasa funtzionatzeko nahikoa indarrarekin ere. «Testuek badute poemen indar lirikoa. Sendotasun hori badute, eta funtziona dezakete poema modura». Arreta berezia jarri diote erritmoari. Elkarrekin arituko dira biak horregatik oholtzan zenbaitetan, baina bakarka ere izango dira beste batzuetan.
Inprobisaziorako tartea
Hautsitako lotura batez mintzo da Mertens. «Gaur egun erabat bereizita daude musika eta literatura. Bereiziegi. Baina milaka eta milaka urtez atzera egingo bagenu ohartuko ginateke bi esparruak askoz ere gertuago zeudela. Eta oraingoan saiakera egin dugu testuak eta musika batu, eta elkarri nola eragiten dioten ikusteko». Eta eszenografia handirik ez erabiltzea erabaki dute horretarako. Pianoa, mikrofonoa eta ez askoz gehiago. «Oinarrizkoa da emanaldia, eta biluz utzi nahi izan dugu. Pianista bat eta idazle-irakurlea baino ez». Kirmenek nobelako pasarte batzuk ingelesez bidali, eta orduan hasi zen Mertens musikarekin. «Tonu egokia hartu behar nion», dio. «Nahikoa izan ziren pasarte haiek niretzat». Ez zuen dena itxita eduki nahi, eta, dioenez, ezberdina izango da horregatik emanaldi bakoitza. Badute gidoia bi sortzaileek, baina tartea utzi dute inprobisaziorako ere. Egitura itxian ere utzi diote askatasunari espazio bat. Madrilen egindako saioan, adibidez, Bilbon baino testu gutxiago izan zuten.
Euskaraz egingo ditu irakurketak Uribek Bilbon eta Donostian, baina gaztelerazko azpidatziak ere izango ditu gaurkoan.«Tamaina honetako espektakuluekin bide emankorra izan daiteke hori». Logroñon ere (Errioxa, Espainia) izango dira ostiralean, eta gazteleraz egingo dituzte han irakurketak.
ZUZENEAN
Gaur. Bilboko Arriaga antzokian, 20:00etan.
Bihar. Donostiako Kursaal aretoan, 20:00etan.
Barikua. Logroñoko Breton antzokian, 20:00etan (gazteleraz).