
Mendikute-Rosario Elkarteak antolatuta barikuan
Bertsolaritza: Historia eta Etorkizuna tertulia egingo da Berriatuko Bideo Aretoan..
Hizketaldian, besteak beste, Xabier Amuriza, Jon Azpillaga, Iratxe Ibarra eta Xabier Enbeita bertsolariek parte hartuko dute. Horrez gain, lau bertsolarien moderatzaile lanetan Joseba Goienola ariko da.
Lau garai
Etziko berbaldian lau gai edo garai jorratu eta landuko dira.
Alde batetik, Frankismo garaian bertsolaritzak euskara sustatu eta euskaldunek euren hizkuntza ez galtzeko izan zuen garrantziaz ariko dira. Jarraian, bertso eskolak sortzeak bertsolaritzari ekarri zion mesedea eta aurrerapausua landuko dute.
Ostean, emakumeak bertsotan aritzeak ekarri dituen berritasunen berri emango dute, eta, azkenik, kiroldegiak betetzen jarraituko al dugu? gaia kontutan hartuta, bertsolaritzak etorkizunik duen ala ez zeharka ariko dira
Horiek gai guztiak landu eta eztabaidatzeko garai bakoitzean esanguratsua izan daitekeen bertsolari bana ekarriko dute.
«Jon Azpillaga bertsolari historikoa da oso, frankismo garaian jo eta su aritu zen, eta garai hartako ikur bat dela esan genezake. Xabier Amuriza, aldiz, bertso eskolak sortzen aritutako aitzindarietako bat da. Iratxe Ibarra ere, eskualdeko bertsolari eta emakumea izanda ezin zen falta, eta Enbeitak etorkizuneko bertsolari gazteen papera betetzen du», azaldu dute antolatzaileek.
Tertulia amaitu ostean, pintxo dastaketa egongo da Ginazi aretoan, eta, bien bitartean, bertso saioa eskainiko dute lau hizlari eta herriko bertsolariek.