
Hego Euskal Herri osoko ikasleek greba orokorra deitu dute biharko, eta «elite ekonomikoaren mesedetan» eta «ikasleen interesen kontra» egiten dutelako, LOMCE hezkuntza erreformaren ezarpena, Heziberri2020 eta unibertsitate erreforma salatuko dituzte bihar hiriburu guztietan egingo dituzten manifestazioetan.
Lea-Artibaiko ikasleek, bizkaiko beste ikasleekin batera, Bilbon dute hitzordua, 12:30ean, Jesusen Bihotza plazan, eta bertara joateko deia egin dute. «Hezkuntza pairatzen ari den erasoen aurrean, herrialde osoko ikasleak batu eta erantzun bateratu bat eman behar dugu herritik eta herriarentzako hezkuntza aldarrikatuz», esan dute.
Mutrikuko DBH, Batxiler eta Zikloetako ikasleek ere bat egingo dute grebagaz. Eibarko Untzaga plazatik 12:00etan aterako den manifestaziora joango dira.