
LOMCE legeari aurre egiteko eta hezkuntza propioa eraikitze bidean talde dinamika bat jarri dute abian Lea-Artibaiko hainbat bizilagunek.
LOMCE-ri ez eta Lea-Artibaik bere hezkuntza eraiki! lelopean hasiko dira martxan. Hezkuntzan diharduten guztien eta herritar ororen inplikazioa ezinbestekoa dela ikusten dute.
Espainiar Gobernuak LOMCE hezkuntza erreforma onartu eta indarrean jarri badu ere, 2014-2015 ikasturtean abian jartzeko arazo teknikoez haratago, datorren ikasturtean zein hurrengoetan lege horren aplikazioa ekidin eta Euskal Herrian «behar eta nahi den» hezkuntza sistema egituratzeko, pausoak ematea ezinbestekoa dela ikusten dute Lea-Artibaiko talde dinamikako kideek. «Nabaria da Lea Artibain hezkuntzako kide (irakasle, guraso, ikasle,…) gehienon erabateko aurkakotasuna hezkuntza erreformarekiko, eta argi adierazi behar dugu zentralizatzailea, adoktrinatzailea, uniformatzailea, atzerakoia, segregatzailea eta elitista den lege hau gure herrietan inposatzea ez dugula onartzen», adierazi dute.
Horregaz batera, ezinbestekoa dela ikusten dute «azken hamarkada luzeetan inposatu nahi izan dizkiguten lege eta dekretuen gainetik» ehuntzen joan diren bestelako hezkuntza ereduari jarraipena eman eta hezkuntza sistema propioaren garapenean pauso berriak ematea.