
Mendexako Jai Batzorde eta kultur batzordeak antolatuta, San Isidro azoka «alternatiboa» egingo dute.
Maiatzaren 11n egingo den azoka horretan, besteak beste, «bertoko produktu, ekologiko eta jasangarriek» lekutxoa eukitzea nahi dute. Iaz antolatu zuten mendexarrek estrainekoz azokatxo hau, eta bertan, dozena inguru ortuari saltzaile, artisau eta produktu ekologiko ekoizelak batu ziren. «Harrera eta erantzun ona izan zuenez, aurten ere, errepikatzeko asmoa dugu», nabarmendu dute antolatzaileek.
Berritasun eta guzti
Aurreko urtean egin bezala, bertoko produktuak eta ekologikoak saldu nahi dituzte San Isidro egunean egingo duten azokatxoan. Hala nola, elikagaiak, ortuariak, landareak… Denetik erosteko aukera egongo da frontoian egingo den ekimen xume honetan. «Bertoko ekoizleei euren txoko propioa eskani nahi diegu. Produktu ekologikoen ekoizleak eta bezeroak zuzen-zuzenean harremanetan jartzeko topagunea izatea nahi genuke».
Iaz egindakoaz gain, baina, aurten berritasunak ere egin nahi dituzte. Hala nola, bigarren eskuko gauzen azoka. «Inguruko edozein pertsonari zuzendua egongo da eta nahi duena parte hartzera gonbidatzen dugu. Hori bai, aurretik izena ematea eskertuko genizueke», gaineratu dute antolatzaileek.
Izan ere, inguruko beste eskualde askotan, Elorrion eta Abadiñon esaterako, eta batez ere Europan, bigarren eskuko azokak egitea oso ezaguna dela diote «nahiz eta gure eskualdean gauza berri bat izan».
Gauzak horrela, etxean erabiltzen ez ditugun gauzak edo tresnak kalera atera, eta horiei «bizi berri bat ematea» dute helburu antolatzaileek. Bakoitzak nahi duena saltzeko edo trukatzeko aukera izango du. Horretarako datorren hilaren erditik aurrera parte hartu nahi duenak izena ematen hasi beharko du Udalean edota elkarteko kideren batera hurbilduta.