Berdelaren kanpaina nahasi xamar hasi da. Itsasoa nahikoa zakar dago, eta horren eraginez eta txalupen joan-etorriagaz, berdela lekuz mugitu da. Sareko itsasontziek lehorreratu zituzten kanpainako lehen berdel kiloak Ondarroako Kalare Deuna Kofradian. Joan den asteko barikuan gertatu zen hori: 147.000 kilo saldu ziren bentan, 0,87 eurotan, bataz beste.
Arrantza amuagaz egiten dutenek, berriz, astelehenean egin zuten berdelagaz estreinako sarrera, 12:00etatik aurrera. Egunean bertan harrapatutako arraina izan zen. Mutrikuko Elenita Berria eta Nubei ontziek, esate baterako, Ondarroara eraman zuten arrantzatutako berdela asteko lehenengo egunean. Amuko ontziek 1.200 kilo berdel ahal dute deskargatu pertsonako eta eguneko: 4.500 kilo lehorreratu zituen Elenita Berriak. Zegokion kupoa deskargatu zuen Nubei ontzi berriak ere. Ioritz Arantzamendi eta Jose Angel Anakabe ondarrutarrek ipini dute martxan ontzia, Mutrikun.
Astelehenean, guztira, 121.000 kilo izan ziren Kalare Deunan aukeran; bataz besteko prezioa 0,85 eurokoa. Sardina –1.500 kilo– eta betandia ere –9.500 kilo– ere ekarri zuten arrantzaleek. «Prezio polita ari da egiten berdela, ez dago txarto», esan du Ondarroako benta arduradunak. Herenegun eta atzo ere porturatu ziren arrantzaleak berdelagaz. Ez ziren kilo asko izan, 41.000 kilo eta 21.000 kilo, hurrenez hurren. Gaur goizean itsasoan zeuden ontzi guztiak. Portuak hutsik zeuden.