
Joan den asteburuan, sinadurak biltzen egon ziren.
Argazkia: Turrune
Ibon Iparragirre preso gaixo ondarrutarraren egoerak txarrera egin du Basauriko espetxean preso dagoenetik. Iparra Galdu Baik plataformak “kezka handiz” bizi du egoera, eta
presoaren egoerak bere horretan jarraitzen duen bitartean, elkarretaratzeak deituko ditu Ondarroan domekero. 13:00etarako egin dute hitzordua domekan herritar guztiekin, Alamedan. Horrez gain, Iparragirreren aldeko sentsibilizazio, elkartasun eta mobilizazio kanpaina abiatu zuen plataformak joan en astean, eta herritarrei eskaera zuzen bat egin die: “Parte hartzea eskatzen dizugu, norbanako legez edo talde, elkarte zein erakunde legez bideratuko diren ekimenak bultzatuz”. Plataformako kideek egunero ipinitzen dute sinadurak batzeko mahaia alde zaharrean. Asteburuetan Alamedan ere bai, eguerdi partean.
Iparragirre etxe kartzela ari zen betetzen. 2011ko urrian Basauriko kartzelako Tratamendu Juntak 100.2 artikulua aplikatu zion, bere osasun egoera larriaren ondorioz. Iparragirrek HIESa dauka, eta bere burmuineko ezkerreko lobuloan daukan orban baten ondorioz, ikusmenaren galera larria pairatzen du, beste zenbait disfuntzio kognitiboren artean. Etxe kartzelan egon den bi urte eta lau hilabeteetan bi epilepsia atake izan ditu, memoriaren, denboraren eta ubikazioaren galmenekin. Basurtoko Ospitaleko txosten medikuak egiaztatzen duenez, bere gaixotasuna C estadioan dago, hau da, sendaezina eta itzulezina da. Honez gain, etxe kartzelan egon den bitartean, ezarri zizkioten baldintza guztiak bete dituela aipatu behar da.
Entzutegi Nazionalak emandako “bilatze eta atxilotze” aginduak, eskuduntzen inbasio argia suposatzen duela behin eta berriz esan dute Iparragirreren abokatuek, ez baitagokio hari presoaren erregimenaren aldaketa erabakitzea, kartzela bakoitzeko Tratamendu Juntari baizik. Zentzu horretan, Iparragirrek preso bezala daukan eskubideen urraketa larria egin da, eta urraketa horrek, gainera, “Iparragirreren bizitza jartzen du arriskuan”.
Azken bisitetan bere senideek nabaritu zutenez, ondo ez ikusteaz gain, oso urduri dago, presio psikologiko handia jasaten ari da eta disfuntzio kognitiboak jasaten hasi da. Martxoaren 24an etxera deitu eta oso txarto aurkitzen zela adierazi zien senideei, eta lehenbailehen norbait bidaltzea eskatu zuen. Abokatua joan zitzaion, eta bi orduko elkarrizketaren ostean, oso bakarrik eta desorientatuta sentitzen dela egiaztatu ahal izan zuen.