Kemen Uranga ondarrutarra da itxialdia egingo duen preso bat. Protestagaz gaixorik dagoen preso politiko ondarrutarra Espainiako espetxe batera urrundu izanagaz eta azken asteetan jasotzen ari den tratuagaz ezadostasuna erakutsiko dute.
Basauriko kartzelatik Navalcarnerokora (Madril) urrundu zuten Iparragirre joan den martitzenean.
Iparra Galdu Baik plataformako kideek eta hainbat eragilek salatu duenez, «mendeku politika» modura uler daiteke bakarrik presoa jasatzen ari den egoera. Esan dutenez, haren osasunak okerrera egin du. Ez hori bakarrik: apirilaren 14an preso sozial baten erasoa jasan zuen Basauriko espetxean, eta apirilaren 20an, berriz, hango bi funtzionariorena. Ohi bezala, gaueko zenbatzea egin eta atea itxi zain zegoen, ziegan. Espetxezainak berandutzen ari zirela eta, berak itxi zuen atea. Orduan sartu ziren bi funtzionario ziegan, eta bi zaplazteko eman zizkion bakoitzak, indarrez, lurrera botatzeraino. Kolpea hartu zuen buruan, zauririk egin ez zuen arren.
Gainera, espetxezainek epilepsia atakeak saihesteko sendagileek agindutako botikak ez dizkiotela ematen adierazi dute, beste batzuk baizik. Iparragirrek ez dakit zer ari den hartzen.
Erasoak gehituz
Etxerat elkarteak salatu duenez, areagotu egin dira gaixorik dauden euskal presoen aurkako erasoak: «Espainiako Gobernuak itxura gogorra erakutsi nahi du, eta helburu hori lortzeko egoera makalean daudenen aurka egin behar dela erabaki du». Horren adibide jarri ditu Josu Uribetxebarria eta Iparragirreren kasua. Etxerat-en ustez, halako jarrerak ezin dira onartu, «mendekuz eta krudelkeriaz ari da eta Espainia».
Horren guztiaren aurrean, Iparra Galdu Baik plataformak «alarma gorria» piztu du, eta presoari 100.2 artikula ezar diezaioten kanpaina indartuko du berriz ere. Herritarren elkartasuna eta parte hartzea eskatu dute.
Bestetik,
Behatokiak nazioarteko hainbat instantziengana jo du Iparragirreren egoeraz ohartarazteko, bai giza eskubideen defentsarako instantzietara, bai torturaren aurkako Europako mekanismoetara ere. Europako Giza Eskubideen Goi Komisionatuarengana ere jo dutela jakinarazi dute. Jasaten ari den «tratu anker eta iraingarria» salatu eta egoera horrekin berehala amaitzeko galdegin du.