Markina-Xemeingo Artibai Mendigoizale Taldeak antolatuta
Ondarroa-Ondarroa 14 orduko ibilaldia egingo da maiatzaren 1ean.
Irteera 06:00etan izango da
Zaldupe futbol zelaitik. 60 km-ko luzera eta 2.000 metroko malda izango ditu ibilbideak.

Hiru mendi handi eta sei mendate igoko dituzte ibiltariek Ondarroatik eta Ondarroara bidean: Oiz (1029 m.), Urko (793 m.) eta Max-Kalamua (768 m.) mendiak, eta Milloi, Lekoiz, Gontzugarai, Trabakua, Ixua eta San Miguel mendateak. Ibilbidea ez da seinaleztatuta egongo, baina 14 ordu inguruan egingo duen gidari bat egongo da. Hala ere, azkarrago edo motelago doazenak bere kabuz joan beharko dute, bai eta erretiratzea erabakitzen dutenek ere. Gutxi gora-behera 20:00ak aldera ailegatuko dira ibiltariak Ondarroara.
Ibilbidea:
Ondarroatik irten eta Asterrika, Milloi eta Txepetxabixe baserritik pasatuko dira ibiltariak Santa Eufemiko Zelairako bidean, eta hantxe 15 minutuko atsedena hartuko dute. Ondoren, Lekoiztik Zeinke auzora abiatuko dira eta Gontzugarai igonda, Kortaguren baserriaren albotik Oiz (1029 m.) mendira igoko dira. Oiztik beherantz, trabakuan hartuko dute bigarren atsedenaldia, ordu erdikoa.
Asuntze baserria eta Urko (793 m.) mendia igota, Ixua mendatean dute hurrengo ordu erdiko atsedenaldia. Ixuan 15:30ak aldera egotea kalkulatu dute antolatzaileek.
Max-Kalamua igo eta San Miguel mendatetik Arnoate baserrirantz joango dira, Ondarroara ailegatu orduko 15 minutuko azken atsedena hartzeko. Armetxa eta Moka baserrien ingurutik pasatuta ailegatuko dira ibiltariak Ondarroara.
Martxa erdia
Ibilbideak duen luzera eta zailtasunagatik beharrezkoa izaten da prestakuntza fisiko ona edukitzea. Aurten, baina, 25. urteurrena izanik posible izango da martxa erdia egitea:
Ondarroa-Trabakua edo Trabakua-Ondarroa. Horretarako
Ondarroan 06:00etan edo Trabakuan 13:00etan egon beharko dela zehaztu dute antolatzaileek.
Irteeran parte hartzeko ez da aurretik izenik eman beharko.