Maiatzaren 4a, domeka. Horixe da Boga mendi martxa egiteko Aurrera Mendi Taldeak ipini duen data. Ahalik eta mendizale gehienek parte hartu ahal izan dezaten, hiru ibilbide egongo dira aukeran, luzea, motza eta txikia. Ibilbide guztiek irteera eta helmuga bera edukiko dute, Zubi Zahar herri ikastola.
Ibilbide luzeak 54 kilometro izango ditu, eta 2.400 metroko igo- era zein jaitsiera pilatua. Gailurrik altuena Kalamua izango da, 770 metroko garaieragaz, eta horregaz batera, beste sei gailur ere pasatu beharko dira. Bost hornidura postu egongo dira ibilbide guztian zehar, bata bestearekiko hamabi bat kilometrora gutxi gorabehera; eta bost kontrol postu. Martxa hori egiteko gutxieneko denbora 7 ordukoa da; eta gehienezkoa 14 ordukoa. 07:00etan irtengo du Zubi Zahar ikastolatik.
7 kilometroko lasterbidea
Ibilbide luzeak aukera bi eskainiko ditu: ibilbidea oso-osorik egitea da lehenengoa, eta Arnoateko horniduran lasterbide bat hartuta egitea bigarrena (47 kilometro). «Hornidura guneetan daudenek aukera biak emango dizkiegu parte hartzaileei», esan dute antolatzaileek.
Ibilbide motzerako izena ematen dutenek 23 kilometro egingo dituzte, 800 metroko igoera zein jaitsiera pilatuagaz. 16. kilometroan igoko da gailurrik garaiena (Tontorramendi, 386 metro). Beste bi gailur ere egongo dira ibilbidean. Kasu horretan, hornidura postu bat egongo da Madalenan, eta bi kontrol postu ibilbidean zehar. Ibilbide hori egiteko gutxienezko denbora 3 ordukoa da, eta gehienezko denbora 5 ordu eta erdikoa. 08:30ean hasiko da martxa.
Musika eta jolas
Ibilbide txikia da hirugarrena, haurrentzat egokia. 11 kilometro eta kontrol postu bat edukiko ditu. Zailtasunari dagokionez, maila oso baxukoa da, «eta bukaeran, jolasak edukiko dituzte gaztetxoek, musikarekin lagunduta». Gorozika eta Tontorramendi igaroko dituzte parte hartzaileek. 10:00etan hasiko da ibilaldia.
Izena emateko epea maiatzaren 1era artekoa izango da internetez. Bestela, martxaren egunean bertan eman ahalko da izena. Ibilbide luzea eta motza 13 eurokoa da pertsonako, izena internetez emanez gero; 15 eurokoa egunean bertan izena ematen bada; eta ibilbide txikia 5 euro ordaindu beharko da pertsonako. Laboral Kutxako hurrengo kontuan sartu behar da dirua: ES48 3035 0021 14 0211125691; irteeran aurkeztu behar da ordain agiria.
«Gonbidapena zabaldu nahi dizuegu mendian egun pasa egin nahi duzuen familioi zein norbanakooi», esan du Aurrerak.