Kaxero Gaupasero baserritik Berriatuara hurrengo egunean jaitsiko bada ere, bihar hasi eta hurrengo egunetan
hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera egongo da. Jai batzordeak adin denentzako eta gustu guztientzako jaiak prestatu ditu. Imanol Mugartegi Berriatuko alkateak “nahi duen guztiari” jaietarako gonbitea luzatu dio.
Bertsoak, pintxo dastaketa, dantza emanaldiak, umeentzako jolas parkea, kontzertuak, bazkari herrikoia… Urtero bezala San Gregorioetarako
egitarau zabala prestatu dute. Horrez gain,
berritasun bat edo beste ere izango dituzte Berriatuko jaiek. Alde batetik, zapatuko
Azoka Egunean herriko bost elkartek
pintxo lehiaketa egingo dute. Hegaluzean eta antxoan oinarritutako 200 pintxo prestatu beharko dituzte Goxalde, Kukulumutxu, Anaitasuna, Asterrikarrak eta Milloitarrak taldeko kideek. Bestetik, maiatzaren 16an egingo den
Zestalarien Egunean, Berriatuar
zestalari ohien kinielak egingo dira Mendibarren frontoian. “Gabonetan egin ziren kiniela hauek estrainekoz, eta eduki zuten arrakasta kontutan izanda, San Gregorietan ere errepikatzea erabaki dugu”, azaldu du alkateak. Azkenik,
umetxoen mailako futbol topaketak egingo dira estrainekoz maiatzaren 17an. Eskualdeko futbol taldeez gain, Busturialdeko eta Ermuako jokalariek ere parte hartuko dute txapelketa berri honetan.
PROGRAMA 2014