Maiatzaren Leheneko manifestazioa, iaz, Lekeition
Maiatzaren lehena “momentu oso latzean” dator. Hala dio ELA sindikatuak, Espainiaren lege erreformek zuzenean kalte egin baitiete langileen eskubideei. Sindikatu horretako idazkari nagusi Adolfo Muñozek azaldu duenez, babes soziala deuseztatu nahi du Espainiak, babes kolektiboa suntsitzeko. Hori dela eta, horri aurre egiteko “antolakuntza” ezinbestekoa dela dio Muñozek: “Jendea antolatu behar dugu, babes kolektiboa bilatu, borrokatu ahal izateko”. Eta hori izango da aurten sindikatu horrek Maiatzaren Lehenean Bilboko kaleetan zabalduko duen mezua: Antolakuntza eta borroka.
ESK, CGT-LKN eta STEE-EILAS sindikatuek ere mobilizazioa eta langileen elkartasuna aldarrikatuko dute bihar, “mobilizazioa baita gure buruak defenditzeko modu bakarra”. Langileen elkartasuna ere ezinbestekotzat jotzen dute krisi ekonomikoari aurre egiteko. Egunez egun sistema kapitalistaren krisia sakonagoa dela diote, eta langileek azken hamarkadetako erasorik larrienak pairatzen ari direla: murrizketa sozial eta laboralak, langabezia tasaren igoera, kaleratzeak, txirotasuna, gizonen eta emakumeen arteko desberdintasuna handitu egin da…
Jendea antolatu behar dugu, babes kolektiboa bilatu, borrokatu ahal izateko”
Hala, Bilboko kaleetan batzeko deia egin diete bizkaitarrei, 11:30ean, Toledo kafetegian. Gipuzkoan, berriz, manifestazioa egingo dute 12:00ean Donostian, Boulevarretik hasita. Aurretik, baina, martxa egingo dute Errenteriatik Donostiara.
Kalera ateratzeko deia
LAB sindikatuak ere mobilizatzeko deia egin die herritar eta langileei. Maiatzaren Lehenean langileen ahotsa ozen entzuteko. Hala, Busturialdean eta Lea-Artibain mobilizazioak egingo ditu LABek bihar.
Busturialdean Gernika-Lumon egingo dute manifestazioa, 12:30ean, udaletxe aurretik hasita. Ekitaldia Merkurion izango da. 15:00etan, berriz, indaba jana egingo dute Harizpen.
Lea-Artibain, berriz, kotxe karabanak egingo dituzte, denak Ondarroan batzeko. 11:00etan aterako dira autoak Lekeitioko Mandaxkatik, eta 11:30ean Markina-Xemeingo parkinetik.
Ondarroan batu eta 12:30ean aterako dira herritarrak manifestazioan, Zaldupeko zubitik. Ostean, Alamedan egingo dute ekitaldia.
Mutrikuarrei Eibarrera joateko deia egin die sindikatuak. 12:00etan hasiko da manifestazioa, eta Unzagatik aterako da.
Bestelako eredu ekonomiko eta soziala aldarrikatuko du LAB sindikatuak, eta, inposaketen gainetik, eredu hori eraikitzea euskal herritarrei eta langileei dagokiela aldarrikatuko du. “Estatuek inposatu nahi duten agenda ultraneoliberalak ez du etenik. Eredu basatia inposatzeko erabakia hartu dute, krisiaren gestio guztiz antidemokratikoa eginez”. Lan harreman eredua guztiz deuseztatu dutela salatu du LAB sindikatuak. “Euskal Herriko patronala eroso dago Madrildik egin dioten opariekin, baina gehiago nahi du”. Sindikatuaren arabera, mende bat atzera eraman nahi dute euskal langilegoa, “lan araudirik ez zegoen sasoietara”.
Euskal Herriko patronala eroso dago Madrildik egin dioten opariekin, baina gehiago nahi du”
Gainera, bitartean Euskal Herriko gobernuek men egiten dutela dio LABek, haiek inposatzen dituzten neurriak aplikatuz edo kopiatuz. “Diskurtsoan salatu bai, baina praktikan elite ekonomiko txiki bati begira daude, jokabide horrek enplegua eta Euskal Herriaren eredu ekonomikoa suntsitzen dituen arren”. Hori dela eta, langileek erantzun zuzena eman beharko luketela dio sindikatu abertzaleak. Lantokietako borroka nahikoa ez, eta erantzun sendoagoa emateko garaia dela uste du: “Euskal Herrian bizi eta lan egiten badugu, berton erabaki behar dugu”.
Lerroak indartu
Hala, kurtso hasieran finkatu zituen lan lerroak indartu nahi ditu LABek bihar Busturialdea eta Lea-Artibai eskualdeetan. Batetik, hitzarmen kolektiboa defendatuko dute Busturialdean. Arrain kontserba enpresetako langileek hitzarmen duin baten alde agindako lana eta borroka izango dute oinarri, Gernika-Lumoko Totorikaguena enpresako langileek euren lanpostuen defentsan daramaten borrokarekin batera. LAB sindikatuko emakumeen arloko idazkari Zaloa Ibeas izango da Gernika-Lumon bihar; bi borroka horiek emakumeen ikuspuntutik aztertuko dituzte.
Lea-Artibain, berriz, alternatiba eraikitzeko bidean garatzen ari diren Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta hartuko dute oinarri Maiatzaren Lehenean. Debabarrenean, 2008tik hona langabezia tasa bizkoiztu egin dela salatu du LABek. Politika neoliberalen ondorio dela diote, baina ez bakarra: irakaskuntzako, Osakidetzako eta industrietako langileen egoerak okerrera egin duela dio sindikatuak.
Dokumentua:
–
Mobilizazioak