Lea Artibai Ikastetxeko zuzendariak Isabel Mendigurenek eman dio hasiera Esperantza eraikinean egin duten ekitaldiari. Bere ondoan izan ditu proiektu berriaren bultzatzaile eta laguntzaile izan diren Espainiako Renault Consultingeko zuzendaria Antonio Fernandez, Mondragon Korporazioko lehendakariordea Victor Arrizabalaga eta Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako sailburuordea Jorge Arevalo.
Lea Artibai Ikastetxeak ezagutza sortzen, inguruak eta enpresek eskatzen digute abiaduran lan egiten, ingurutik datozen seinaleei kasu egiten, eta erantzun egokia ematen lan egiten duela adierazi du Isabel Mendigurenek, eta Lean Eskolak behar horiei erantzungo diela azpimarratu du. “Baina apustu hau Lea-Artibain bakarrik sortzea ez litzateke posible izango Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren babes eta apostu tinkorik barik. Apostu horrek gure hezitzaileak hezten lagundu digu guk gero gure ikasleak hezi ahal izateko”, esan du Lea Artibai Ikastetxeko zuzendariak. Berrikuntzaren apostuagaz jarraituko dutela ere azpimarratu du Mendigurenek.
Alderdi pedagogikoa kontuan hartuta Europako Lean eskolarik onenak sortu dituztela esan du bestalde, Antonio Fernandez Renault Consultingeko zuzendari nagusiak, eta Lean prozesua enpresen hobekuntzara eta etekinak ateratzera zuzentzera gonbidatu ditu ekitaldian parte hartu duten enpresak Mondragon Korporazioko lehendakariorde Victor Arrizabalagak.
Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako sailburuorde Jorge Arevalok azkenik, Lanbide Heziketa eraldatu egin behar dela azpimarratu du besteengandik desberdina izateko, ikasleak ondo prestatuta egoteko eta enpresa lehiakorrak sortzeko. Eraldaketa hori lortzeko apustua egiten dutela adierazi du eta horretarako Lea Artibai Ikastetxeagaz kontatzen dutela.
Ekitaldiagaz amaitzeko, zinta ebaki eta instalakuntza berriak bisitatu dituzte.