Iparragirreren egoera salatzeko Navalcarnerora elkartasun martxa egingo da maiatzaren 17an Ondarroatik
“Ibon berriro espetxeratzeak bere osasun egoera are eta okerragoa bilakatzeko arriskua ekarriko zuela pentsatzeak kezka handia eragin digu, eta 54 egun hauetan gure susmorik txarrenak bete baino ez dira egin”. Horixe azaldu zuten atzo arrantsaldean Ondarroako Kofradia Zaharrean Iparra Galdu Baik plataformako kideek, guztiz kezkatuta. “Ia bi hilabete horietan Ibonen osasunak jasan duen kaltea 2010-2011 bitartean kartzelan egon zenean urte betean jasan zuenaren parekoa da”. Senide eta lagunek esan dutenez, defentsak 400dik gora izatetik 200dik behera izatera pasatu zaizkio; asteroko zortzi telefono deien kontua eramateko zailtasunak izan ditu; bi egunetan telefono txartela aldenduda eduki du; tarteka errealitatearen nozioa galtzen du, gauza garrantzitsuak eta huskeriak ez ditu bereizten: burmuinean duen orbanak ikusmena mugatzeaz gain, disfuntzio kognitibo latzak eragiten dizkio, baita pentsamenduaren nahasmena eta jokabidearen alterazioa ere; HIESa dauka, C estadioan, hau da, sendaezina eta itzulezina da. “Bere osasunak izan duen beheranzko bilakaera azkar eta larriaz gain, Basauriko kartzelan zegoela bi jipoi ere jaso ditu, bata preso sozial batek emana eta bigarrena espetxeko funtzionarioek emana. Hori nahikoa ez eta, joan den astean, Basauriko kartzelatik Navalcarneroko espetxera urrundu dute, bere etxekoengandik eta osasun egoeraren jarraipena egiten dioten Basurtoko ospitaletik 400 kilometrora”.
Azterketa medikua ospitalean Azaldu zutenez, joan den asteburuan Jose Luis Castrok zuzentzen duen Espetxe Zaintza auzitegiko bi ordezkari egon ziren Navalcarneroko kartzelan Iparragirregaz berba egiten, eta “itxura denez”. Castro bera izango da froga horien emaitzen arabera, ondarrutarraren kartzela erregimena erabakiko duena. Apirilaren 28an Madrileko Gregorio Marañon ospitalean ingresatu zuten froga orokor berriak egiteko, eta hasiera batean, aste osoa bertan emango zuela eta bisitarako aukera izango zuela azaldu bazioten ere, atzo senide bat bisitara joan zitzaionean “oztopoak” jarri zizkioten. “Gaizki ulertua argitu eta Ibon ikustea lortu duenean, oso urduri aurkitu du, eta ospitalean oso disgustura zegoela esan dio”. Bestalde, atzo bertan berriro Navalcarnerora eramango zutela jakinarazi zioten senideari. “Beraz, ingresatuta barik, froga bat egin behar dioten bakoitzean kartzelatik atera eta sartu egin beharko dute, horrek bere osasun fisiko eta animikoan eragiten dituen kalte nabarmenagaz. Kartzelan daraman aste bakoitzeko kilo bat galdu du”.
Egoera guzti horiek eskubideen urraketa larri eta nabarmena suposatzen duela adierazi dute senideek, bai eta bere senide eta ingurukoena ere. Horren aurrean, Iparra Galdu Baik plataformatik egoera guzti hori gogor salatzeaz gain, Iparragirreren eskubideen aldeko kanpaina indartu nahi dutela eman dute jakitera: “Ahalik eta herritar gehienen babesa lortu nahi dugu Ibonen giza eskubideak lehenbailehen bermatuak izan daitezen eta Ibon etxera bueltatzeko 100.2 artikulua aplikatzea, horrela bere gaixotasunak behar duen tratamendua izan dezan. Espetxean igarotzen duen egun bakoitzak Ibonen bizitza arrisku larrian jartzen du eta”.
Elkartasun martxa Navalcarnerora “Iparragirreren giza eskubideak errespetatuak izan daitezen”, hurrengo asteetan hainbat ekintza egingo dira: batetik, herriko dendetan eta tabernetan sinadura orriak egongo dira, Iparragirreri 100.2 artikulua ahalik eta azkarren aplikatzeko eskatuz. Maiatzaren 3an eta 10ean auzoz auzoko sinadura bilketa egingo da, Ondarroako zazpi auzo ezberdinetan sinadura mahaiak jarriz. Bestetik, domekeroko elkarretaratzeetan parte hartzeko deia egin du plataformak, Alamedan, 13:00tik aurrera. Datorren domekan, esate baterako, Ipar Maitasun Sarea egingo da estreinako. Ekimen iraunkorra izango da. “Sare fisiko batzuk eskegiko ditugu Alamedan, eta bertan Iboni elkartasuna adierazteko ikur ezberdinak eskegitzea eskatuko zaie herritarrei eta kanpotarrei: giltz erraldoia, argazkiren bat, kamiseta… Bakoitzak nahi duena”. Maiatzaren 17an, Navalcarnerora Elkartasun Martxa egingo da. Izena emateko lekuak datozen egunetan emango dituzte jakitera. “Gaixo larriak etxera! giza eskubideak errespetatu!”.