Askok irratian entzutetik ezaguna izango dute Saioa Lopez Eizagirreren (Berriatua, 1976) ahotsa, Euskadi Gazteako Dida saioan kolaboratzaile lanetan aritzen baita astelehenetan. Horrez gain, azkenaldian Euskal Telebistako Kontrako eztarria saioan agertzeagatik ezaguna egin da bere aurpegia. Bestalde, beti irribarre ederrarekin dabilen eta saltsa guztietarako prest dagoen berriatuarra Mutrikuko institutuko irakaslea da, eta baita Ogasuna eta Ongizate Saileko zinegotzia ere Berriatuko Udalean. Han eta hemen parrandan ibiltzea oso gustuko du, eta jendea ezagutzea oso aberasgarria dela dio. Kolaboratzaile lanak azken horretarako aukera ezinhobea eman omen dio.
Irratiko kolaboratzaile bezala ezagutzen zaitu askok. Noiz eta zelan hasi zinen?
2006ko azaroan. Kuadrillako batek Gaztean kolaboratzaile bila ari zirela eta curriculuma bidaltzeko esan zidan. Lagunek animatuta, nire datuak bidali, eta hautaketa prozesurako aukeratu ninduten. Probetarako umorezko zer edo zer prestatu behar nuela esan zidaten.

Saioa Lopez, Berriatuan.
Zer prestatu zenuen?
Bost minutu zen gaia, eta une horretan gerta daitezkeenak azaldu nituen. Horrez gain, bizkaitarrez berba egin izana oso gustuko izan zuten, eta berriatuarrez aritzeko eskatu zidaten.
Bertoko euskara itxia eginda ulertzen al zaituzte?
Denek ulertzen ez nautela jakin badakit. Baina, egia esan, jendea desiatzen egoten da beste euskalki batzuk entzuteko; batez ere, nirekin irratsaioa egiten dutenak.
Hasi zinenetik, irratian kolaboratzaile lanetan egin dituzun zereginak aldatu egingo ziren.
Bai, noski. Kafe-teatroa deritzona egiten hasi nintzen; txiste zaharrak-eta kontatzen nituen, antzezlan bat bailitzan. Ostean, Sozioloka sailean eta institutuetan gertatzen diren gorabeherekin ere ibili nintzen, irakasle eta ikasleen artean zer pasatzen zen kontatzen.
Eta orain zertan ari zara?
Euskal Herri osoko parranda, jai, kontzertu eta horrelakoetara joaten naiz.
Gustura parrandaz parranda?
Bai, noski. Gainera, bisitatzen ditudanen kronikatxoa egitea proposatu didate; berdin dio parrandara joan edo antzezlan bat ikustera joateak.
Jai zalea izango zara.
Bai, noski. Saltsan ibiltzea, jendea ezagutzea eta parranda asko gustatzen zaizkit. Batez ere, jendea ezagutzea oso aberasgarria iruditzen zait. Horrez gain, musika mota guztiak gustatzen zaizkit, eta, gainera, hainbat leku ezagutzeko aukera ere ematen dit lan honek.
Lan honen onena zer da?
Jendea eta lekuak ezagutzea niretzako oso aberasgarria da. Irratian kolaboratzen dudanetik jende asko ezagutzeko aukera eta lagun berriak egiteko aukera izan dut.
Horrelako lan baterako irekia eta pixka bat lotsagabea izatea nahitaezkoa izango da.
Gauza batzuetarako bai. Hala ere, jendeak uste duena baino lotsatiagoa naiz; askotan gorritu ere egiten naiz. Lotsa, beharbada, gauza sinple batek ematen dit.
Zuzeneko konexio asko egin al dituzu?
Egia esan, nire lehenengo zuzenekoa aurtengo sansebastianetan egin nuen. Donostiara bidali ninduten, eta halako ondo ibili ginen. Nire asmoa San Sebastian bezperan parranda egitea zen, baina gauean lo egin, eta goizean gaupaseroen artera joan nintzen, ea zer kontatzen zidaten.
Zer moduzko esperientzia izan zen?
Asko gustatu zitzaidan.
Mikrofonoa eskuetan zenuela, jendeak zer nolako erreakzioa zuen?
Batzuk hurbildu egiten zitzaizkigun, gustura asko, baina beste batzuek ihes egiten ziguten. Horrelakoetan, igarri egiten da zein dagoen lo eginda eta danborra jotzeko prest, edota zein dabilen gaupasan. Parrandan zenbiltzanek mingaina solte-solte zuten. Hala ere, ez pentsa; jendeak mikrofonoari beldur pixka bat diola esango nuke. Mikrofono aurrean hiru berba ateratzea zeharo zaila da.
Hainbeste joan-etorrirekin, pasadizo piloa izango duzu kontatzeko.
Behin zarauztarrei buruzko zerbait esan omen nuen, pijoak zirela edo horrelakoren bat. Lankideok sagardotegian geundela, neska bat Saioa Lopez zein zen galdezka zebilen, argi utzi nahi zuelako zarauztar guztiak berdinak ez direla. Ziztu bizian atera nintzen kanpora, eta besteei nor nintzen ez esateko eskatu nien.
Irratian beti barrezka eta umoretsu zaudetela igartzen da. Zer giro duzue han?
Oso giro ona, eta disfrutatu egiten dut. Lauren artean oso ondo konpontzen dira, eta talde ona osatzen dute. Ondo pasatzen dugu, eta barre asko egiten dut. Astelehenak horrela hastea sekulakoa da. Asko gustatzen zait, eta eskertu egiten dut.
Zure ezagunek zer diote?
Ohituta daude. Adarra jotzen didate horren kontura.
Eta zure ikasleek?
Gazteenak pozik daude.
Zein da zure kritikorik onena?
Egiarik borobilena amak esaten dit, dudarik gabe. Kritika hori oso aberasgarria da, gainera. Amak esandakoa estimu handian daukat.
Aste Santuko oporretan Andaluzia aldean ibili zara, eta han ere lanean ipini zaituzte.
Andaluzian nengoela jakin, eta oporretako azken egunean deitu egin ninduten, 8 apellidos vascos filmaren harira. Kasualitatez, elkarrizketatu nituen pertsonek ez zeukaten filma ikusita, baina zer edo zer entzunda bai. Hori bai, jendea ezagutzeko eta ligatzeko aproposa izango da Andaluzia aurtengo udan, filmak sekulako arrakasta izan du-eta. Filmaren aitzakiarekin, jende asko hurbiltzen zaizu.
Irratiaren beste aldean entzuteaz gain, Kontrako eztarria telebista saioan ere ikusten zaitu jendeak. Zelan hasi zinen horretan?
Urtarrilaren 12an sagardotegi denboraldiari hasiera ematen zion txotxa egin zen. Aurten Kontrako eztarria saiokoek egin behar zuten txotxa, eta Didakoei ere gonbidatu gintuzten. Sagardotegian nengoela, Angel Alkain hurreratu zitzaidan, gauza bat egiteko nigan pentsatu zutela esanez. Bizkaitar bat behar zuten, eta halaxe hasi nintzen. Handik egun gutxira nire lana zein izango zen azaldu zidaten, eta hurrengo astelehenean grabatzen hasi ginen.
Eta zer moduz moldatzen zara kamera aurrean?
Kamerek ez naute lotsatzen, urruti egoten direlako. Baina, nire burua profesionalez inguratuta ikustean, ez nekien zer egiten nuen han. Saioa estreinatu zen gauean bakarrik ikusi nuen; ez nintzen gai beste batzuekin ikusteko, lotsatu egiten bainintzen. Saioa hasi baino arinago, neure burua telebistan ikusi behar nuela pentsatzerakoan, oso urduri jarri nintzen, eta erdi zorabiatuta ere egon nintzen.
Zelan ikusi zenuen zeure burua?
Oso urduri egon ostean, ez nuen hain txarto ere ikusi neure burua. Behintzat, pantailaren beste aldean ikusten dutena ni naizela esaten didate askok, eta bertan ere irratian bezala gustura sentitzen naiz. Izan ere, han ere oso jende jatorra dago.
Irratian eta telebistan daramatzazun urteak kontuan izanda, zer nolako balorazio egingo zenuke?
Oso positiboa. Jende asko ezagutzeko aukera izan dut, beharbada beste egoera batean sekula ezagutuko ez nituenak; eta lagun minak ere egin ditut. Batez ere, maila pertsonalean oso aberasgarria izan da niretzat. Horrez gain, lankide guztiak oso jatorrak dira. Beti daude denetarako eta laguntzeko prest, eta hori benetan eskertzekoa da. Asko ikasi dut horrekin guztiarekin.
Eta telebistan zaudenetik mikrofono eta kamerarekin kalera irtetzeko aukerarik izan al duzu?
Aurreko domekan Olasagastiren eta Irazuren arteko apustuan egon ginen estrainekoz, eta oso elkarrizketa politak eta xelebreak egin genituen. Domekan honetan eskuz binakako finalera joango garela uste dut.
Astelehenetan Dida saioa grabatu ostean, zer egiten duzu Miramonen?
Makillajera joaten naiz, eta gero, nire jantziekin eta euren jantziekin jantzi, eta platora joaten naiz. Bazkalordura arte bertan egoten gara, eta ostean bertan bazkaltzen dugu denok elkarrekin.
Toma faltsu asko egoten dira?
Bat ere ez. Dena naturaltasunaren barruan egiten dugu.
Egiten duzun dena egiteko denbora nahikoa ba al daukazu?
Momentu honetan zoramena dirudi; institutuko irakasle, udaletxeko zinegotzi eta irrati eta telebistan, beti nago arduratuta. Ez dut bikoterik, ez seme-alabarik, ez dut bestelako buruhausterik… Beraz, oraintxe daukat nahi dudana egiteko aukera. Beste egoera batean ezingo nuke hau guztia batera egin. Alabaina, orain, posible dudanez gero, gozatzen ari naiz.