Barikuan aurkeztu zuten aulestiarrek Gure Esku Dago dinamika. 30 bat lagun batu ziren aurkezpen ekitaldian, eta dinamika herrira begira zelan kaleratu pentsatu zuten. Barikuko lehen batzarrean, talde koordinatzailea ere sortzen hasi ziren. «Gure helburua herritar desberdinak hemen inplikatzea da», azaldu dute ekimenaren dinamizatzaileek. Aulestin gainera, helburu zehatz batekin erronka bat ipini dute martxan. «Gure helburua 75 metro saltzea eta ekainaren 8ko giza katera 150 herritar joan baietz da», gaineratu dute.
Horrez gain, hemendik aurrera, domekero, 12:30etik aurrera, elastiko urdinak eta metroak salgai ipiniko dituzte herriko plazan. Era berean, maiatzaren 16an eta 30ean ere, iluntzean, material salmenta egiteko asmoa dute.
Aulestin ez eze, Gure Esku Dago dinamika Berriatuan ere martxan ipini zen Gazte Egunean. Besteak beste, material salmentarekin hasi eta Gazte Eguneko bazkaritan parte hartu zutenek ekimena bultzatzeko bideo bat ere grabatu zuten.
Horrez gain, Azoka egunean ere elastiko urdinak eta metroak saltzen egon ziren propio jarritako erakusmahaian. Ekimen horiek guztiak egiteaz gain, ekainaren 8ko giza kateari begira, erronka bat ere ipini dute martxan Berriatuan. «200 metro saltzera iristea gustatuko litzaiguke. Momentuz, Gazte Egunean 60 bat pertsonak erosi zuten euren metroa, eta, zapatuan propio ipinitako erakusmahaian hainbat elastiko urdin ere saldu ziren», azaldu dute Berriatuko dinamizatzaileek. Hurrengo domekako paella egunari begira, berriz, Berriatuko koordinatzaileek beste hainbat ekimen egiteko asmoa azaldu dute. «Herritar guztiak bertan daudela aprobetxatuta, ahalik eta metro gehien saltzen ahaleginduko gara», gaineratu dute.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.