
Ekainaren 8an Durangotik Iruñearaino burutuko den giza katea prestatzen hasiko dira Lekeition, eta horretarako,
jaialdi bat antolatu du zapaturako Gure Esku Dago Lekitxok. Giza kate erraldoian Lekeitiar guztiek izango dute lekua, eta beraz, zahar eta gazte, gizon eta emakume, Lekeition edo beste herriren baten jaioak eta pentsamolde edo ideologia bat zein beste duten guztiak gonbidatu dituzte jaialdian parte hartzera. “Baldintza bakar bat jarri dugu jaialdian parte hartzeko: Herri honen etorkizuna herritarren eskuetan egon behar duela pentsatzen dutenentzat zuzenduta dago. Herritarrok, gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea dugula uste dugunontzat. Demokraziaren oinarrian sineztea besterik ez dago”, adierazi dute antolatzaileek.
Giza katearen entsegua
18:00etan hasiko da
plazan eta herrian zehar ibilbide labur bat egin ondoren, plazan bertan bukatuko da. Ibilbidea alaitze aldera herriko hainbat talde eta taldekideren partaidetza izango dute: Itxaropenako txistulariak , Aittitta makurrako musikariak, Etorkizunako dantzariak, Iñigito
Txapelpunk eta
Toki-ren doinuak, Lekeitioko Deabruen piroteknia ikuskizunak eta beste asko. Asier Txakartegi, berriz, esatari lanetan arituko da.
Giza katearen ondoren, antxoak prestatuko dituzte Aittitta Makurrakoek, eta gainera, pintxoak, gazta eta irasagarra, eta sagardoa egongo direla aurreratu dute Gure Esku Dago Lekitxoko kideek.
GIZA KATEAREN IBILBIDEA:
- Independentzia enparantza
- portua
- Tala
- Paskual Abaroa Etorbidea
- Plaza Barria
- Santa Katalina Etorbidea
- San Bixente Ferrer
- Eusebio Mª de Azkue
- Aranzibia kalea
- Agirre Solarte
- Zumatzeta
- Artolaba
- Goiko kalea
- Rufo Atxurra enparantza
- Pascual Abaroa etorbidea
- San Kristobal enparantza
- Abaroa kalea
- Gamarra kalea
- Independentzia enparantza