Trafiko Delegaritzetatik ezarritako baldintzek kinka larrian utzi dituzte triatloiak
Ondarroako Koaxi SConcept taldeak argi esan zuen joan den astean: «Ondarroako triatloia ulertu eta sentitzen dugun moduan antolatzeko baldintzarik ez dugunez, aurten ez dugu triatloirik antolatuko. Hainbat energia, denbora eta diru xahutu dugun arren, penaz eta minez hartu dugu azken erabakia». Aurten, Trafikoko Bizkaiko Delegaritzak lehen eta azken partaidearen artean 30 minutuko tarte maximoa eman diela esan du Ondarroako triatloi taldeak. «Ezin izan dugu tarte handiagoa lortu. Eta baldintza horrek hainbat kirolariren kaleratzea suposatzen du». Baldintza hori, bada, taldearen filosofiaren aurka doala diote Koaxikoek. «Gure gustokoa izan ez arren, hainbat aukera desberdin planteatzen aritu gara (irteera mailakatua, esaterako) ordu erdiaren barruan kirolari guztiak sartu eta inor kalean ez uzteko». Baina Trafikok ontzat emango lukeen planteamentuaren aurrean, Federazioak ezezkoa eman dio Koaxiri. «Inongo legedian oinarritutako fundamentuzko arrazoirik eman ez badigute ere, gure planteamendua ez dute bideragarria ikusten». Taldeak argi dio ez duela inor kalean utziko. «Guztiok edo inor ez».
Ondarroako Koaxi SConcept taldeak aurten ez du egingo triatloirik; Bermeok zailtasunei aurre eginda egin du eta Lekeitiok eta Mutrikuk oraindik ez daukate argi egingo duten edo ezKoaxiren filosofia Orain artean Trafikokoak errepidea mozteko denboretan «oso malguak» izan direla gaineratu dute Koaxikoek. «Askotan eztabaidatu izan dugu epaileekin ere». Izan ere, Ondarroako triatloia «kirolari guztientzako triatloia» izatea nahi izan dute Koaxikoek. «Ez dugu kirol elitizazioaren aurka egin bakarrik, baita elitizazio ekonomikoaren aurka ere». Koaxikoen esanetan, hainbat eta hainbat kirol probetan behar baino askoz izen emate garestiagoak kobratzen zituzten. «Gurea oso errekurtso ekonomiko gutxiko triatloia izan arren, gogor lan egin dugu kirolariaren egoera ekonomikoa triatloian parte hartzeko oztopoa ez izateko». Hala eta guztiz ere, hau «geroarte» bat izatea espero dutela gaineratu dute talde ondarrutarreko kideek. «Mila esker gure lana eskertu diguzuen guztioi, gure babeslea den High Identity Building-i, babesa eman diguzuenoi, gure triatloian parte hartu duzuenoi, ikusleei, laguntzaileei, bolondresei eta udalari. Hauxe da gure erabakia eta kriolariok ulertuko duzuela uste dugu, hori baita guretzat garrantzitsua, zuek ulertzea, eta ez beste inork!». Mutriku, onarpenaren faltan Ondarroako Koaxik salatutakoa baieztatu dute beste triatloi taldeetako kideek ere. «Aurten inoiz baino xehetasun gehiago eskatu digute. Txosten zehatz-zehatz bat egiteko esktu digute eta behin hori eginda, eurekin batzartzeko eskatu digute», dio Iñigo Agirre Mutrikuko Talaixa triatloi taldeko kideak. «Baina eurekin batzartzeak ez du esan nahi triatloia egingo dugunik. Esan moduan, zailtasun asko ditugu ezarritako baldintzak betetzeko. Horren guztiaren aurrean, oraindik zer gertatuko den ez dakitela gaineratu du Agirrek. «Triatloia egiteko ez daukagu inongo onarpenik, momentuz».
Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko triatloi taldek aho batez esan dute Trafiko Delegaritzak aurten ezarritako baldintzak zorrotzak direlaBermeoko Aritzatxu triatloi taldeak joan den asteburuan triatloia egin badu ere, Trafiko Delegaritzak aurten ezarritako baldintzak murriztaileak direla baieztatu du Ibon Madariaga triatloi taldeko kideak. «Errepidean arazorik ez sortzeko eta baldintzak errespetatzeko, aurten, Bermeotik Bakiora egin dugu triatloia, eta ez Bermeotik Gernika-Lumora, aurreko urteetan egin modura».
«Zaila izan da» Aritzatxu triatloi taldeak baimena «zortez» lortu duela gaineratu du. «Aldaketak egin genituenez, Bermeo erditik pasatu zen triatloia eta horretan herritarrei barkamena eskatzen diegu, sortutako eragozpenengatik. Baina bestela ezingo genuen triatloia egin». Behin triatloia eginda, Ertzaintzak bai eta Bermeoko Udalak zorionak eman dizkietela gaineratu du Madariagak, «legea errespetatzearren». Dena den, aurreko urteetan ezarritako baldintzak aurtengoak baino «malguagoak» izan direla dio. «Zaila izan da, baina lortu dugu». Luis Aretxabaleta Lekeitioko Garraitz triatloi taldeko arduradunak oraindik Trafiko Delegaritzagaz batzartzeko zain dagoela esan du. «Beste triatloi taldeei esker jakin badakigu errepidea erabiltzeko baldintzak zorroztu direna, baina oraindik ez gara batzartu». Dena de, Garraitzek sprint-a egiten duela eta, denbora aldetik gainerako triatloi taldeek baino arazo gutxiago edukiko dutela dio Aretxabaletak.
Lea-Artibain, Mutrikun eta Busturialdean gertatu modura, Bizkai eta Gipuzkoa osoko beste triatloi taldeak ere egoera berean daude. Eta Ondarroan gertatu modura, Durango, Getxo eta Garaiko triatloiak bertan behera geratu dira, ezarritako baldintzak tarteko.