
Lekeitioko X. Piraguismo kontzentrazioak parte hartze handia lortu du beste urte batez. 50. piraguistak hartu zuten parte zapatu goizean lehiatu zen II. Dzanga Itsas Kayak Txapelketan, batez ere sprint modalitatekoak, eta beste hogei bat lagun elkartu ziren itsas zeharkaldi herrikoian parte hartzeko. Hori dela eta, kontzentrazioaren balorazio on-ona egin du Lekeitioko Dzanga piragua kirol elkarteak.
Itsas Kayak Txapelketako ibilbidea nahiko gogorra izan zen, batez ere haize oso zakarra jotzen hasi zelako txapelketa hasi zen momentuan. “Artzabal puntatik Ogellako tarte hori izan zen batez ere zailena, piraguistek haizea kontra izan zuten, eta haize horren eraginez itsasoan mugimendu handia egon zen”, zehaztu dute Dzanga kirol elkartekoek.
Lekeitioko taldeak garaipen bat ere lortu zuen, Itsas kayak tradizionaletan Dzanga Piragua Taldeko Jon Urbieta izan zen-eta irabazlea 97.19.24 denbora eginez. Sprinter modalitatean, berriz, Barrika Piragua Taldeko Mikel Lauzirika (69.03.01) izan zen senior mailako garailea, eta Fortuna taldeko Jon Ibarzabal (98.22.22) kadete mailakoa. Beteranoetan berriz, P. Santander taldeko Pablo Fernandez (70.11.53) izan zen nagusi.
K2 kategorian, ostera, Aitor Arrieta eta Manuel Melara Hondarribiko bikoteak egin zuen denbora hoberena senior mailan (68.53.96) eta Ramon Vegak eta Andres Lopezek beteranoetan (74.18.38).
Zeharkaldiak
Euskadiko Kopako 2. itsas kayak lehiaketagaz gainera, nahi zuten piragua zale guztiek parte hartzeko zeharkaldiak ere antolatu zituen Dzanga piragua taldeak zapatu eta domekarako. Haizeak eragindako itsaso zakarraren ondorioz, zeharkaldiak bertan behera geratu ziren, baina, zapatu arratsaldean hogei laguneko talde bat uretara sartu zen, itsas zeharkaldiaren ordez, inguruetan zehar, buelta eder bat emateko. Domeka goizean, berriz, itsaso baldintza eta eguraldi txarra errepikatu zenez, Isuntza hondartzan kayak surf-ean ibiltzeko aprobetxatu zuten eguna, asteburuari amaiera emanez.
ARGAZKI GALERIA [nggallery ID=150]