
“Garaia da konponbidearen aldeko pausoak emateko. Legea betez gero, euskal herritar batzuek espetxetik kanpora egon beharko lukete”, adierazi dute Elkartasun Egunaren eguneko ekitaldian. Eguna antolatzen eta lanean gogoz aritu zirenen eta bertaratutakoen elkartasuna jaso zuten Andoni Lariz preso politikoak eta haren familiak, ekitaldiz ekitaldi: presoaren senideei aurreskua dantzatu eta lore eskaintza egin zieten. Senideek esker oneko hitzak baino ez dituzte: “Asko eskertzen dugu horrelako egunak egotea”.
Euskal preso eta iheslari politikoak herrira lemapean, egun osoko jaia ospatu zuten zapatuan bolibartarrek eta eskualdeko herrietatik bertara joandakoek. 13:00etan trikitilariekin kalejiran joan ziren, eskuetan LarizĀ zoriontzeko kartelak zeramatzatela. Ondoren argazkia atera zuten.
100 lagun bazkaritan
Eguerdian 100 lagun batu ziren bazkaritan. Ez zen giro onik falta izan. Herriko gazteek antolatuta, bazkalostean euskal karaokea egon zen aukeran, giroa animatzen. Amaieran, pilota partidu “oso bereziak” jokatu zituzten herriko bi gizonezko eta bi emakumezkok, palaz, pailazo eta fraile zein obispo mozorroak jantzita. Hiru partidu jokatu zituzten, hamabost tantora. Banako berdinketa igo zen markagailura, eta azken partiduan neskak izan ziren nagusi, umorez betetako saioan. Animorik ez zuten falta izan.
“Oso ondo joan da eguna; herritarron artean nahi genuena antolatu dugu”, esan dute.
Ziortza-Bolibarko herritarrek bigarren urtez antolatzen dute Elkartasun Eguna.