Ondo baino hobeto joan zen zapatuan denbora libreko taldeak antolatutako ospakizun jaia. Goizean asko eta asko izan ziren rappelean, piraguan zein oihal tailerrean aritu zirenak. Rappel zein piragua saioak luzatu egin zituzten, parte hartze zabala tarteko, ume guztiek ibiltzeko aukera izan zezaten. Hondartza eta errekatik gertu, Itsasaurre enparantza bete egin zen, eta gaztetxoek gozatu egin zuten ekintzaz ekintza. Txirrimorraskiren kamisetak eskuratu zituzten askok, 2 euro eta borondatearen truke. Ia guztiak saldu zituzten.
Zaldupe eskolan jarraitu zuten ospakizunek, bazkaritan.
212 pertsona elkartu ziren mahaiaren inguruan. Aritz Urrestik zunba saioa egin zuen bazkal ostean, eta jendeak ondo baino hobeto pasatu zuen, “hurrengo batean ere errepikatzeko moduan”, esan du Nagore Alegria Txirrimorraskiko begiraleak. Irrien Lagunen ikuskizuna izan zen ostean, eta bazkaritan zeudenei guraso zein ume gehiago batu zitzaizkien. “Oso ondo” joan zen ikuskizuna. Euskal dantzekin amaitu zen bazkal ostea, eta ondorengo orduetan herriko frontoian jarraitu zuen jaiak. “Gurasoek eskertu egin ziguten umeekin batera erromerian dantza egiteko aukera eskaini izana”, aitatu du Alegriak Tximeleta taldeak egindako saioaren harira. Giro apartean, frontoi bete lagun batu zen arratsaldeko ekintzetan. Gaueko kontzertua, zaparradaren bat tarteko, ondo joan zen. “Eskerrik asko ospakizunetan parte hartu duzuen guztioi, eta eskerrik asko ekintzak antolatzen lagundu diguzuen guztioi”, azpimarratu du Alegriak.
Argazki galeria [nggallery ID=149]