
Jose Mari Lejardi
Gabixola (Markina-Xemein, 1959)
Maiatzaren 1etik gose greban dago Zamudioko Torrelagoiti industriagunean. 55 urteko garraiolariak bertan jarri du bere kanpin denda, eta azken 12 egunak gose greban. Momentuz,
10 kilo pasatxo galdu baditu ere, gogor eta umoretsu sumatzen da. Azken bi urteak orain egiten ari den greba prestatzen aritu da Barakaldoko langile auzo batean bizi den markina-xemeindarra.
Sekulako oihartzuna sortarazten ari da Gabixolaren ekimena, eta bere nahia garraiolari guztien indarrek bat egitea da. Ekimen honen bitartez, eztabaida eta gogoeta bat egitera bultzatu nahi du jendarte osoa.
gabixola.info blogean bere eguneroko nondik norakoak ikus daitezke.
Gose greba hasi zenuenetik 12 egun pasa dira. Animo aldetik eta fisikoki zelan zaude?
Harrigarria dirudien arren, izugarri ondo nago. Aurretik ere, presoen alde, zazpi eguneko gose grebak egindakoa naiz, eta sekula ez dut horrelako moralik eduki. Greba egiteko ere aspalditik mentalizatua nengoen.
Eta hori?
Gose greba egiteko ideia honi buruan bueltaka bi urte daramatzat.
Denbora asko.
Garai hartan gure nagusiarekin batzar bat izan genuen, eta 2005etik lan hitzarmenik berritu gabe geundela esan ziguten. Hau da, urte guzti horietan soldatak izoztuta genituen. Horrez gain, nagusiak ordura arte genituen tarifak gehiago jaitsi beharko genituela ere adierazi zigun. Ordutik hona bi urte igaro da, soldata bera dugu, eta bizimoduak garestitzen jarraitzen du. Bestalde, lan karga ere bajatu egin da, eta hori dela eta, denak gutaz aprobetxatzen dira. Krisiaren kontura gainera, xantaia egiten digute. Errumaniako langileek merkeago lan egiten dutela esaten digute, eta guk ez baditugu gure tarifak merketzen, kaleratu eta beste batzuk hartuko dituztela errepikatzen digute uneoro. Beldurra erabiltzen dute.
Eta nola dago zuon garraiolarien arteko giroa?
Gure duintasuna aspaldi galduta genuen, miserableen antzera gabiltza. Momentu honetan ez dugu batasunik, elkarren arteko konfiantza eza gero eta handiagoa da. Are gehiago, beste garraiolari batek lana galduz gero, batzuk berarekin elkartasuna agertu ordez, poztu ere egiten direla uste dut, ze garraiolarion egoera oso zail dago, eta asko gara.
Denok babesteko, beraz, elkartasun bat beharrezkoa dela ikusten duzu.
Batasuna lortu behar dugu. Sistema osoak garraiolarien eta banatzaileen beharra du, eta denok batera greban hasiz gero, bost egunetan ez zen inon ezer egongo. Beste sektoreek ere gure beharra izaten dute-eta. Orduan, jendarte guztia gelditzen bada, zer edo zer lortzeko aukeran egongo ginatekela uste osoa dut. Horrela, hitzarmen duin bat lortzeko indarra egingo genuela deritzot. Izan ere, aurretik egon diren esperientzia nahikok huts egin dute.
Zeintzuk?
1989ko krisialdian, esate baterako, 15 eguneko greba egitea lortu zuten. Ostean, hitzarmena ez dakit zelan sinatu zuten, baina handik gutxira patronalek eta denak atzera egin zuten. Horren guztiaren aurrean, hemendik aurrera zerbait lortuz gero, dena zehatz eta mehatz egin beharko litzateke, eta lege bihurtu, gutxieneko bat ziurtatzeko behintzat.
Greban zaudetenetik beste garraiolari batzuen babesa jaso duzu?
Askoren babesa jaso dut. Esate baterako, Jaendik ere etorri zaizkit hango kamioi gidariak. Hori guztia, izugarri pozgarria da. Gose greba bere oihartzuna lortzen ari dela ikusten ari naiz.
Zer nolakoa da zure egunerokoa?
Gauetan lo egitea asko kostatzen zait, eta loak hartu arte irratia entzuten egoten naiz. Goizetan 09:00ak alderako altzatu, eta elkarrizketa mordoa izaten ditut han eta hemen egiteko. Horrez gain, hainbat bisita ere jasotzen ditut. Ahaztu baino lehen, eskerrak eman nahi dizkiet egun guzti hauetaz nitaz arduratu den jende guztiari.
Osasun aldetik zelan zaude?
55 urte ditut eta 43 urterekin bost orduko hiru ebakuntza handi egin zizkidaten. Gaur egun sarea daukat nire barruan, eta, orain, ez da gazteago nintzenean modura, zaharragoa nahiz eta. Baina ondo pentsatuta hasi dut. Min handia ematen badit, halabaina, eta ezin mina eutsita baldin banago, utzi egin beharko diot. Egunero, Zamudioko alkateak horrela eskatuta, hemendik 300 metro dagoen Osasun Zentrora joaten naiz, eta bertan egunero nola nagoen aztertzen naute. Gaurdaino behintzat, ondo ikusten naute. Egun bat eduki dut eskasa.
Zein?
Zortzigarren egunean ezusteko bat izan nuen. Hipertentsiboa naiz eta orain arte hori kontrolatzeko pilula hartzen nuen. Baina, hemen, ezer jan gabe, tentsioa 10,5-7,5 eduki nuen egun horretan, sekulan ez dut hain behean eduki tentsioa.
Eta nola sentitzen zinen ba?
Astun xamar sentitzen hasi nintzen. Minik ez, baina egun osoa sentsazio arraro batekin egon nintzen, eta bertan artatzen nauen medikuak pilularik ez hartzeko esan dit hurrengo egunetan, eta askosaz hobeto sentitzen naiz orduz geroztik.
Indarra duzun bitartean, orduan, gose greban jarraitzeko asmoa duzu.
Horrela da, minik ez dudan bitartean hemen jarraituko dut.