Lea Artibai Ikastetxeak egindako prebentzioaren inguruko lan didaktikoa goraipatu du Osalanek
2007tik Lea Artibai Ikastetxearekin elkarlanean dihardu Osalan Lan Segurtasuna eta Osasunaren Euskal Erakundeak. Elkarlan horretatik abiatuta, Lea Artibai Ikastetxeak prebentzioaren inguruko dibulgaziozko lan didaktikoa egin du. Eta ikastetxeak lan horretan jaso duenaren isla da asteon (maiatzaren 12an) zabaldu duten erakusketa iraunkorra. Erakusketa lan segurtasun eta osasunaren ingurukoa da.
Izaskun Urien Osaleneko zuzendari nagusiak ikastetxeak etorkizuneko profesionalak hezitzeko orduan prebentzioarekin duen konpromisoa eta horri lotuta egindako lana goraipatu du. “Prebentzio hezkuntza sustatzeko gure esku dauden tresnak eskeintzea da gure funtzioa, ezagutza lan segurtasunaren funtsezko oinarria baita. Osalanen prestakuntza prebentiboa funtsezkoa dela uste dugu, seguritate eta osasun egoera hobeagoak lortzeko eta lan ezbeharren kontra egiteko ezinbestekoa. Prebentzioko prestakuntza eraginkorra eskeintzeko guztion inplikazioa eta kolaborazioa beharrezkoa da, baita hezkuntza sistemarena ere”, azaldu zuen Urienek atzo, Lea Artibai Ikastetxeak antolatutako erakusketa iraunkorraren inaugurazioan.
Egindako lana goraipatzeaz gain, material guztia digitalizatzeko asmoa erakutsi du Urienek. Ditalizazio lan hori egiteko, Osalanek duen web orrialdeaz (www.osalan.net) baliatuko dira Ikastetxea eta erakundea bera. Zehatz esateko, webgune horretan Gazte Txokoa izeneko proiktua sortuko dute. Eta Lea Artibai Ikastetxeak sortutako material didaktikoa eta etorkizunean sortzen den materiala eskuratu ahalko da “txoko” horretan. “Horrela, garatu dugun lan guztiaren hedadura handitzen da, interneten leihoari esker prebentzio hezkuntzaren mezua ikasgeletatik urrunago eraman ahal izango dugu. Belaunaldi berriak lan segurtasun eta osasuna bermatzeko beharrizanaren gainean kontzientziatzea, epe ertain eta luzera, lan arriskuen prebentzioa lortzea da. Izan ere, gaur egungo ikasleak biharko langileak dira”, gaineratu zuen Urienek.