
Boga-Bogakoak, gaur, Zubi Zaharrean, Mari Asun Ramosegaz (aurrean, erdian, marradun lepo zapiagaz)
Joan den 25 urteko oroitzapenei eta bizipenei lekua egin diete gaur, bazkari-omenaldian. Gizarte-ongizateko langile baten bitartez etorri zen Mari Asun Ramos Aizpurua Ondarroara. Emakumearen Sustapen Zentroan lan egiten zuen. 1989. urtea zen. Bizipen pertsonal eta taldeko bizipen asko eta asko izan ditu 25 urte horietan: asko erakutsi du, asko partekatu du, eta gehiago ikasi du. Hori aitortu du Boga-Boga Emakume elkarteko koordinatzaile ohiak.
Atzera begiratuta, gauzak asko aldatu direla dio Ramosek. «Asko aldatu da jendartea, asko aldatu dira emakumeak», dio. «Emakumearen Sustapen Zentroaren lehen helburua heziketa nahi zuten emakumeei leku bat eskaintzea zen, jakinmina eta ikasteko gogoa zeukaten emakumeei gustura sentituko ziren esparru bat eskaintzea, bakoitzaren onena ateratzeko». Emakumeei beraien burua maitatzen erakutsi die Ramosek azken batean, «beraien burua baloratzen, pertsona modura, emakume modura, egiten duten aktibitate guztiak aitortuz, ikuspegi feministatik».
Eta helburu horiek betetzeko ibilbidean oso ondo sentitu dira bai ikasleak eta bai irakaslea bera ere. Bidean, baina, gainditu beharreko oztopoak ere izan dituzte: «Hasieran bi ikasturte ematen genituen, eta amaitzean, ez zegoen jarraitzeko aukerarik. Emakumeek, baina, hezten jarraitu nahi zuten». Era horretan sortu zen Boga-Boga 1995ean.
Barne ezagutza
Ikasgaiz ikasgai, solasaldiz solasaldi, emakumearen barne ezagutzarako jarduera zenbaezinak egin dituzte, sekula ahaztuko ez dituztenak. Eta, batez ere, lagunak egin dituzte. «Hori da garrantzitsuena, nigaz daramadana», esan du, hunkituta Ramosek.
Orain, errelebua pasatzeko momentua ailegatuta, etorkizunera begira, Naroa Argoitia ondarrutarrak hartu du koordinatzaile izateko ardura, ilusioz beteta.”Oso ondo egingo du Naroak. Gogotsu dago”, esan du Ranosek.