Iker Zubikarai eta Aritz Solabarrietaren mutilek helburua lortu dute, lehen itzuli bikaina eta bigarren itzulian lanak ondo eginda. Ez da erraza izan: beste hiru talde izan dituzte igoerako lehian sartuta, eta Aloña Mendiren aurkako partiduan garaipena eskuratuta, ondarrutarrek euren esku zeukaten igoera. Eta ez dute hutsik egin: Aurrerak 7-0eko markagailua eskuratu zuen. “Taldeak lan oso ona egin du denboraldi osoan, eta jokalariei lanaren balioa erakusten jakin dute entrenatzaileek, errespetuarena eta portaera onarena. Horrek guzti horrek eragina izan du kirol alorraren hobekuntzan, eta Aurrera Kirol Elkarteari eta zaleei poztasun handia eman digute”, adierazi du Eladino Gonzalez lehendakariak.
Motz geratu da nagusien emaitza
Aurreraren talde nagusiak banako berdinketa eskuratu du Hondarribiren aurkako partiduan. Emaitza motza, baten eta bestearen jokoa eta merituak kontuan izanda. Zaldupekoek askoz gehiago merezi izan zuten: 1-0ko gola igo zuen Nuñezek 58. minutuan, eta haren ostean, erritmoa jaitsi zuten Gallastegiren mutilek; defentsaren nahaste baten ondorioz, Oliverik hondarrabitarren bardinketaren gola sartu zuen. Gol garrantzitsua talde bisitariarentzat, mailaz ez jaisteko borrokan jarraitu ahalko dute-eta datorren asteburuan, azken jardunaldian.