Ibon Iparragirreren askatasuna eskatu dute Navalcarneron Euskal Herriko, Kataluniako eta Espainiako herritarrek
Zapatuan egin zen Elkartasun Martxa. 80 bat lagun batu ziren Madrilgo (Espainia) espetxe inguruan, Iparragirreri elkartasuna eta babesa adierazteko. Ondarroako eta Euskal Herriko beste hainbat herrietako pertsonek parte hartu zuten, bai eta Madril, Zaragoza eta Bartzelonako hainbat lagunek ere. Txalaparta soinu, elkartasun oihu, abesti eta bolandera bidez saiatu ziren “ondarrutar presoari elkartasuna eta animorik bero, goxo eta xamurrenak helarazten”, Iparra Galdu Baik plataformako kideek esan dutenez.
Beste alde batetik, zapatu goizean senideek bisita eduki zuten. Adierazi dutenez, animo aldetik nahikoa ondo aurkitu zuten. “Dena dela aipatu behar da, oraindik orain ez dizkiotela egin beharreko mediku azterketa guztiak eta behar duen tratamendua ere ez dela behar bezala jasotzen ari”. Espetxean daramatzan bi hilabete eta erdian 7 kilo galdu ditu, eta nabarmentzekoa da Iparragirreren osasun egoerak kritikoa izaten jarraitzen duela: HIESA dauka C estadioan, hau da, bere gaixotasuna sendaezina eta itzulezina da, beraz, “egoera horretan espetxean mantentzen duten egun bakoitzeko bere osasun egoerak okerrera egiten jarraitzen du etengabe”.
Maiatzaren 31ko manifestaziorako deia Elkartasun ekintzak atzo ere izan ziren. 13:00etan, elkarretaratzea egin zuten Alamedan. “Bukatzeko dei berezia luzatzen dugu, gaixorik dauden presoen etxeratzearen alde Giza eskubideak, Konponbidea, Bakea. Gaixo dauden presoak etxera! lemapean, maiatzaren 31n Ondarroan egingo den manifestazioan parte hartzeko”.