
Denbora ona lagun herri osoa hartu du jaiak eta barikutik domekara artean iparraldeko eta hegoaldeko giroaz gozatzeko aukera izan dute herritarrek.
Gaztetxoei zuzenduta barikuan egin ziren hitzaldi eta xerigrafia tailerrek arrakasta handia eduki dute. Udaletxe aurrean agazkia aterata bizkaiko, nafarroako eta iparraldeko euskararen nondik norakoak ezagutzeko aukera izan dute aurten, gazteek.
Datorren urtera begira, Ikastola eta Eskolaren inplikazioa lortu nahi dute Iparraldeko Haizeak antolatzen dituzten Aittitta Txikikoek. Bertoko umeez gainera, iparraldeko umeak ere Lekeitioko jaiaz gozatu eta guztien artean hartu emona sortu ahal izateko.
Aspaldian horren ezaguna egin den Añanako gatza izan da aurtengo azokako berezitasuna eta ikusmin gehien eragin duena. Bere alboan izan ditu bai eta urtero erosleek horren gustura erosten dituzten iparraldeko produktuak ere, ahate jaki eta esnekiak besteak beste.
Zapatu goizean azokak egin zuen modura, arratsaldean dantzarien ikuskizunak bete zuen plaza. Baigorriko Arrona dantza taldeak eta Lekeitioko Etorkizunak bat egin zuten iparraldeko eta hegoaldeko dantzak eskainiz.
Gero eta gisatu gehiago
Herriko txoko guztietan ikus zitezkeen, domekan, gero eta gehiago diren gisatu txapelketako parte hartzaileak. Aurten 24 talde animatu dira lehiara, eta Willows tabernako Dzunba-Dzunbaren gisatua izan da hoberena, 59 puntugaz. Bigarrena eta hirugarrena, puntuaketa berdinagaz, Beti Saltsan eta Aittitta Makurra izan dira. Eskolapeko limoneroetan eta elkarte aurrean prestatu zuten jana. «Farolillo gorria», berriz, Rufo Atxurra kalean egon ziren Aizpururi eman diote.
12 urteko parte hartzaileak ere egon dira aurten, Txili-Bristak Nautika aurrean ibili ziren gisatua prestatzen eta «ondo-ondo» egin zuten gainera, hamargarren postua eskuratuz.
Aittitta Txikikoak egunotan egingo dute jaiaren balorazioa, baina, «pozik» geratu direla aurreratu dute, eta betiko modura, jaian parte hartu duten herriko talde, elkarte eta koadrila guztien, Eusko Label-aren, patronatuaren, udalaren eta iparraldeko taldeen laguntza eskertu nahi izan dute.