Antxoa kanpaina bete-betean, baten batek estreinako entzungo zuen anisakis hitza. Kostaldeko herrietan, arrantza sektorean lan egiten dutenen artean batez ere, ondo baino hobeto dakite zer den eta zer egin behar den kalterik eragin ez dezan.
Arraina ondo sukaldatu edo izoztuz gero, parasitua suntsitu egiten da; arrantzaleen kofradiek ez dute ulertzen azken egunetan sortu den alarma egoera
Anisakisa parasito natural bat da, Anisakidea familiakoa, eta
itsas ugaztunen urdailean antzematen da, balea, itsas txakurra, itsas lehoia eta izurdea kasu. Parasitoen arrautzak itsasoratu egiten dira, bertan larba bihurtu eta arrainek, krustazeoek eta zefalopodoek jan egiten dituzte. Ondorioz,
gizakia kutsatu egin daiteke arrain gordinik edo gutxi prestatuta jaten duenean. Izan ere, anisakis larbek aktibo irauten dute.
Horrenbestez, edozein kutsadura saihesteko, neurri zehatz batzuk hartu baino ez dira egin behar. «Betidanik egon da, eta gero ere egon egingo da», adierazi dute arrantza kofradietako arduradunek azken egunetan. Ez dute ulertzen anisakisaren inguruan sortu den «alarma egoera», eta bai kofradien eta bai antxoa kontserbagileen iritzian, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak informazio zehatzagoa eman ez zuelako sortu da alarma hori.
Ulergarri egiten zaie Osasun Sailak egindako deialdia, zerbait gertatuz gero haiek bihurtuko lirateke-eta erantzule. Baina
anisakisa «agertu dela» esateak alarma soziala eragin du, eta hor beti galtzen ateratzen direnak batzuk dira: arrantza sektorean lan egiten dutenak. Izan ere, arraindegi eta jatetxeetan behera egin du antxoaren salmentak, tamaina txikikoak, behinik behin. «Txarrean-txarrean», azken bi asteetan arrantzatutako antxoaren neurria handiagoa izan da, eta erosleak, %90 batean, arrain kontserba fabrikak izan dira. Horri esker emaitzak ez dira izan hain eskasak izan. Horrek emaitzak «salbatu ditu», gehitu dute.
Arraindegi eta jatetxeetan behera egin du antxoaren salmentak, tamaina txikikoak, behinik behin
«
Anisakisa antxoetan agertu zela esan zuten, informazio zehatzagorik eman barik, geroago zehaztu zuten
izoztuta edo frijituta desagertu egiten dela», esan dute arrantzaleek, mezuak «modu arinean» ezin direla zabaldu azpimarratuz. «Frijituta eta ozpinetan gordinik jateko aurretik izoztuta prestatu behar dela esan behar zuten lehen momentutik».
Osasun Sailak, bere aldetik, alarma sortzeko asmorik ez zuela nabarmendu du, eta esan du arraina frijituta, labean erreta edo gatzatuta janez gero, ez dagoela arazorik; «marinatuta jan nahi baldin bada, aurrez 24 orduz izoztu beharra dago».
Neurri txiki horiek hartuta prestatuko dituzte etzi pintxoak Ondarroako Antxoa Egunean, beti egiten den modura,
«berme guztiagaz»,
antxoari merezi duen oihartzuna emateko egingo den jaiegunean.
Atzemateko modukoa
Anisakisa 35 arrain espezietan baino gehiagotan antzeman da, batez ere, erraietan eta errai-barrunbeetan; gutxiagotan izan arren, giharretan eta hegaletan ere aurki daitezke: legatz –bereziki handiak badira–, bakailaoarrain, bakalada, txitxarro, sardina, sardinzar eta antxoan hartzen dute ostatu sarritan.
«Kopurua handiagoa edo txikiagoa izango da arrainaren adinaren, tamainaren edo harrapatu diren gunearen arabera; baina ez dauka ezelako zerikusirik arraina freskoa izateak», adituek azaldu dutenez.
Begirada batean, larbak 20-30 milimetroko neurridun eta zuri-arrosa koloreko har txikiak dira. Horrenbestez, mikroskopiorik erabili barik ikus daitezke.
GOMENDIOAK
Parasitua zelan hil
- Arraina ondo sukaldatu. Arraina ongi prestatzeak modu eraginkorrean hiltzen du parasitoa. Arraina 10 minutuz 60 gradutik gora prestatuz gero, larbak suntsitu egiten dira.
- Izozkailuan sartu. 24 orduz, zero azpitiko hogei gradutan izoztuta ere larbak desaktibatu egiten dira.
Erosteko aholkuak
- Zer eta zelan erosi. Aukeratu arrain freskoa, eta eskatu tripak kentzeko.
- Ondo garbitu.Tripak kentzerik ez badute, etxera ailegatzean, arraina ondo garbitu: kendu ezkatak eta tripak, eta sabelaldeko barrunbea ondo garbitu.
- Hotz mantendu. Ez eten hotz-katea arraina prestatu bitartean.
Etxerako aholkuak
- Gordin baldin badago. Arraina ia gordinik edo gordinik kontsumitu nahi edo behar izanez gero, sashimi, sushi eta arrain arrabak kasu, ozpinetan (antxoak adibidez), marinatuta (zebitxeak), gatzunetan (sardinzarra) edo ketuta (berdela, izokin basatia), aurretiaz 24 orduz izoztu egin behar da.
- Prestaketa. Sukaldatu arraina egoki, beroa arrain puska osora irits dadin (60ºC). Tenperatura hori frijitzean edo egostean lortzen da; baina, erretzean –labean, txingarretan edo plantxan– arraina erditik zabaltzea gomendatzen da, beroa barnealdera ere hel dadin. Eusko Jaurlaritzako Arraina janez gorputza zaintzeko gida kontsulta daiteke: arrainaren tamainaren arabera eta prestatzeko moduaren arabera zenbat denboraz erre behar den adierazten da gidan.
Alergia izanez gero
- Zelan prebenitu anisakisari alergia. Larbak izoztean edo egostean indargabetzen badira ere, zenbait alergenok tratamendu horien aurreko erresistentzia daukate, eta koadro alergikoak eragin ditzakete pertsona minberetan. Hori dela eta, Anisakisari alergia dioten pertsonek mediku alergologoen aholkuei jarraitu behar diete.
- Alergia-erreakzioa oso larria denean. Ez jan itsas arrainik eta molusku zefalopodorik (txibiak, sepiak, olagarroak). Hautatu ur gezako eta arrain-haztegietako arrainak, baita kusku biko moluskuak eta krustazeoak ere. Arraina etxetik kanpora kontsumitu nahi bada, Anisakisari zaion alergiaren berri eman beharko da.