Gure Ametsa dantza taldeak antolatuta
Euskal erromeria egingo da etzi
Mutrikun. Egun osoa euskal dantzei eskainiko diete mutrikuarrek.
12:30ean hasiko da euskal erromeriaren jaia Mutrikuko
Beheko Plazan. Bertatik hasi eta
kalejira bat egingo dute kalerik kale. Beheko Plazatik
Goiko Plazara bidean herriko txistulariek eta trikitilariek lagunduta hainbat dantza egingo dituzte jai giroari kolorea emateko; arin-arinak, fandangoak, zazpi jausiak… Goiko Plazara heldu eta han ederto dantzan egin ostean, berriro Beheko plazarantz abiatuko dira goizeko dantza saioari amaiera emateko.
Bazkal aurretik hainbeste dantza egin eta gero, indarrak hartzeko,
50 bat lagun Miruaitz frontoira
bazkaltzera joango dira. «Bertan hainbat urteetan dantza ikastaroetan ibilitakoak batuko gara», adierazi dute erromeriaren antolatzaileek. Ederto bazkaldu ostean,
18:00etan, Beheko Plazan erromeria egingo dute Imuntzo eta Belokirekin. «Gutxi gora behera, 70 lagun batuko gara plazan dantza egiteko. Hainbat herri dantza dantzatuko ditugu, eta berau amaitzeko dantzarik bereziena; Larrain dantza», gaineratu dute. Erromeria honetan, aurreko urteetan euskal dantzen ikastaroetan parte hartu dutenak egingo dute dantza, baina, herritarrak ere, dantza egitera gonbidatu dituzte.