
Ibon San Miguel Arno igotzen. Argazkia: Burumendi mendizale elkartea
1.39.43 denbora egin zuen San Miguelek Burumendi Mendizale Elkarteak antolatutako proban. Handik segundo gutxira ailegatu zen Mutrikuko Goiko Plazako helmugara Iñigo Agirre mutrikuarra. Kirolari bien artean egon zen jokoan garaipena, segundu bakarreko aldeagaz igo ziren eta korrikalari biak Arno mendiko tontorrera: 0.32.17 denbora behar izan zuen Arno igotzeko Ibon San Miguelek eta 0.32.18 denbora Iñigo Agirrek. Mutrikurako bidean hartu zion abantaila lekeitiarrak mutrikuarrari.

Iñigo Agirre mutrikuarra “pozik” lasterketa amaituta. Argazkia: Burumendi mendizale elkartea
Denbora bikaina eginda ere ailegatu ziren helmugara, Igor Garcia bilbotarra (1:42:30) eta Joseba Plaza (1:44:12) markina-xemeindarra.
Emakumeetan berriz, Sonia Albarez zumaiarra izan zen lehenengoa (2:19:02) , eta Mutrikuko Maite Aizpurua geratu zen bigarrena (2:19:36). Hirugarren Ana Reina lesakarrak egin zuen (2:19:37).

Maite Aizpurua mutrikuarra. Argazkia: Burumendi mendizale elkartea
Aurten ere parte hartze handia izan du Arnoko lasterketak, 101 lagunek egin dute, eta antolatzaileak pozik agertu dira emaitzagaz. Aurreko egunean eta domekan bertan egindako euriaren ondorioz basa aurkitu zuten korrikalariek ibilbidean, hala ere, denbora bikainak egin zituzten.