
Markina-Xemeingo zesta-punta eskolako pilotariek jantzi dute aurten ere Bizkaiko Herriarteko txapela. Kadete eta gazte mailetan irabazi izanak eman dio garaipena Markinari.
Markinak eta Berriatuak zortzigarren finala jokatu zuten barikuan Berriatuko Mendibarren frontoian, eta laugarren urtez jarraian Markinako Zesta-Punta Eskolarentzat izan da herriarteko txapelketako garaipena.
2007an aurkitu ziren estreinako aurrez aurre finalean Markina eta Berriatua eta ordutik, urtero, errepikatu dute norgehiagoka. Berriatuak 2009 eta 2010ean irabazi zuen; beste guztiak, aldiz, Markinak irabazi ditu, bai eta barikukoa ere.
Gotzon Mandiola eta Ruben Maza nagusi izan ziren kadete mailan Alex Goitia eta Jon Ruizi 30 eta 23 irabazita. Eta hurrengo gazte mailako garaipenak ziurtatu zuen Markinaren txapela. Iñaki Urkiola eta Jon Ibarluzeak 35 eta 29 irabazi zieten gazte mailan Jon Mandiola eta Unax Bilbaori.
Garailea erabakita zegoen, beraz, Seniorrak jokatu orduko. Hala ere, partidu bikaina eskaini zuten Berriatua eta Markinako lau pilotariek. Azkenean, Berriatuko Zesta-Punta Eskolako Antton Alberdi eta Gorka Aldazabal izan ziren nagusi Gaizka Barinaga eta Julen Mandiolari 29 eta 35 irabazita.