Ia
hamaika urte pasa dira
Egunkaria-ko auzi ekonomikoko operazioa egin zutenetik, eta
bost urte inguru pasatu dira hiru inputaturi lehen aldiz deklarazioa hartu zietenetik. Auziarekin aurrera egitea erabaki zuen Eloy Velasco epaileak, baina gaur jakinarazi dutenez, Carmen Zubimendi epaileak auzia zarratzea erabaki du. Epaileak autoan nabarmendu duenez, ustezko delituak preskribatuta daude. Hala auzipetuta zeudenak izan zezaketen erantzunkizuna amaitutzat eman du.

Joan den
apirilaren 7an egin zuten Egunkaria-ren auzi ekonomikoaren aurretiazko saioa, Donostian, Gipuzkoako Lurralde Auzitegian. Orduko hartan, kasua artxibatzeko eskatu zuen defentsak, auzia preskribatuta zegoela esanez. Fiskalak, baina, zigor eskaerei eutsi zien, eta ahozko epaiketa zabaltzea eskatu zuen.
Fiskalak,
128 urteko espetxealdia eskatu zuen
auzipetuentzat. Hain justu,
9 eta 18 urte bitarteko kartzela zigorrak eskatu zituen auzipetutako zortzi lagunentzat, tartean Joan Mari Torrealdai foruarrarentzat . Gainontzeko akusatuak Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu, Begoña Zubeltzu, Iñaki Uria eta Txema Auzmendi ziren. 221 milioi euroko isuna ere eskatu zuen fiskalak. Bost eguneko epea izango du apelazioa aurkezteko, Zubimendi epaileak hartutako erabakiaren ostean.
Iruzurra leporatzen zieten
Fiskalak dio zortzi akusatuek
Egunkaria-ren 1998, 1999, 2000 eta 2001eko diru kontuak faltsutu zituztela eta diru laguntza publikoak eskuratzeko iruzurra egin zutela. Dena dela,
Gipuzkoako Diputazioak txosten batean aitortua zuen Egunkaria-k ez zuela zerga iruzurrik egin, eta Jaurlaritzak esan izan du laguntzak legezkoak zirela.
Duela lau urte,
Egunkaria-ko sumario nagusiaren absoluzioaren ondoren, auzi ekonomikoa Gipuzkoako Lurralde Auzitegira pasatu zen, eta honek, geroago, auzitik kanpo utzi zuen Dignidad y Justicia elkartea. Fiskala zen akusazio bakar gisa.
BERRIA egunkariak
auzi ekonomikoaren argazki galeria jarri du ikusgai.