Udalbatzar berezia egin da gaur 11:00etan
Mutrikuko udaletxean. Joseba Palenzuela alkateak, Jose Antonio Agirregomezkorta zinegotziak, Joseba Etxearte aparejadoreak eta Joseba Iribar idazkariak harrera egin diete Udalbatzar aretoan Eskolako Agenda 21 egitasmoan parte hartu duten ikasleei. Bertan,
San Miguel ikastetxeko eta Mutrikuko Institutuko 40 ikasleek elikadura iraunkorra deritzon
gaia landu dute. Ikasturtean gai horri buruz jaso dituzten euren ekarpenak, konpromisoak eta proposamenak eraman dituzte udal ordezkariekin egin duten batzarrera.
Udalbatzarrera eraman duten gai lantzeko,
hainbat ekintza burutu dituzte ikasleen
urte osoan ikastetxeetan. Zer eta nola jaten dugun aztertu, eta herriko azoka eta baserritar merkatuak ezagutu dituzte, besteak beste. Horrela ba,
herri diagnostikoa burutu dute; bertan, hobeto beharreko puntuak identifikatu eta horiek bideratzeko
proposamenak aurkeztu dizkiete udal ordezkariei.

Alkateak eta bertan egon diren beste hiru kideek ikasleen eskaera eta proposamenak adi-adi entzun dituzte, eta banan-banan erantzun. Ikasleek egin dituzten proposamenen artean, honakoak agertu dira: ikastetxe kanpoko jolastokian plastikoa birziklatzeko edukiontziak ipintzeko beharra dagoela, nekazarien lana errazteko azpiegiturak hobetu behar direla, elikagaien bankuaren funtzionamenduari buruz ikasleei informazio eskaini beharra dagoela, eta, azkenik, Mutrikuk herri bezala duen aberastasuna ikusirik, urtaro bakoitzean azoka handi bat eskaini beharko litzatekeela herriko ekoizle guztiekin.