Angelita Burgoa eta Iera Arantzamendi (Iparra Galdu Baik): "Ez dadila gelditu inor zer pasatzen ari den jakin gabe, hori nahi dugu"
http://www.youtube.com/watch?v=CSVfQr7KjvI Angelita Burgoa Arkotxak (Ondarroa, 1943), Ibon Iparragirre Burgoa presoaren amak, eta Iera Arantzamendi Iruetak (Ondarroa, 1983), Iparra Galdu Baik plataformako kideak, aurreko zapatuan larriki gaixo dauden presoen aldeko manifestazioan jasotako babesaren nondik norakoak kontatu dituzte.
Bi hileko epea zuen Navalcarneroko tratamendu juntak Ibonek zigorra ze gradutan bete behar zuen esateko. Zertan da hori?
A.B. Egon den espetxearen arabera gauzak asko aldatu dira. Basaurin denbora kontua izango zela esan ziguten. Tratamendu batzordeak bere kasua aztertzen zuenean erabikiko omen zen ze gradutan ipini. Bi hilabete pasa dira eta ez dugu horren erantzunik jaso. Navalcarneroko kartzelan zegoela esaten deitu zigunean, guretzako sekulako ezustea izan zen. Basaurin bertan artatuko zutela esan ziguten, ez genuen aldaketa ulertzen. Navalcarneron bere egoera zein zen ikusi zuten, eta bertako batek Navalcarneroko kartzela larri dauden gaixoak artatzeko ez dagoela prestatuta esan zigun, ezinezkoa dela. Han egoteko moduan ez baldin badago, atera egingo zutela pentsatu genuen. Zer pentsatuko duzu ba! Handik denbora gutxira Gregorio Marañon ospitalera eraman zuten, eta egun batzuk egingo zituela esan arren, 24 ordu besterik ez zituen eman han. Ostean, Navalcarneron sartu zuten berriro.
Zer dio mediku txostenak?
Bertan emandako txostenak TAC bat egin beharra dutela dio. Hilaren 7an hilabete etorriko da, eta ez diote probarik egin. Aldi berean, bere abokatua presondegiko epaile buruarekin egon da, eta epaileak, Navarcarneroko auzitegi medikuak txostena egiteko zain dagoela esan zion. Txostena jaso ostean, zer kartzela gradutan ipini erabakiko du. Denbora pasa ahala, hori ere ez da gauzatzen. Orain astebete, abokatuarekin geundela Navalcarnerotik deitu zuten. Dei horretan gai hori tratamendu batzordera ezin dutela eraman zioten. Beste kartzela batera joaten denean, sei hilabete behar izaten omen dira berriro gai hori batzordetik pasatzeko. Ibonek ezin du sei hilabetez egon. Larriki gaixo dagoela esan zaie behin eta berriz. Batek gauza bat esaten digu, eta besteak, beste gauza bat. Bitartean hemen ez dago aurrerapenik.
Milaka lagun batu ziren Ondarroan gaixo dauden presoen etxeratzea eskatzeko. Senideok babes hori somatu duzue?
A.B. Egia esan, guk herriko babesa beti eduki dugu. Ez gara inoiz bakarrik sentitu. Zapatuan izan zen manifestazioak, ez gaudela benetan bakarrik senti arazi zigun. Hori guretzako oso garrantzitsua da. Guretzat ez bakarrik, hemen ere beste gaixo larri batzuen familiak egon ziren, eta haiek ere, oso positibotzat eman zuten aurreko zapatuan hemen egin zena. Ni neu ,behintzat, hunkitu ere egin nintzen, eta ostean, hobeto sentitu ere.
Iparra Galdu Baik plataformak zelan hartu du babes hori? Oraindik ere indar metaketa handiagoa behar da?
Iera Arantzemendi. Zapatukoa oso handia izan zen. Nire ustez, gaixo larriekin dauden presoak etxera berehala ekartzeko eskakizunarekin hainbeste jendek egin zuen bat Ondarroan. Azken finean, jendeak kalera irtetzeko beharra zuen hori konpontzeko adierazteko eta transmititzeko. Angelitak esan duen modura, pertsonak amatatzen daude kartzela barruan. Ez dago eskubiderik, eta behingoz, preso gaixoak etxera ekartzeko eskatzen dugu. Indar metaketa handi bat izan zen zapatuan Ondarroan eman zena. Bai plataformarentzat eta bai beste herrietan beharrean ari den jendearentzat, indar hartze bat izan zela uste dut. Denak etxera ekartzeko dinamikak indartzeko eta beharrean jarraitzeko.
Politikariengandik zer espero du Iparra Galdu Baik plataformak?
I.A. Azken finean, bakoitzak bere ardurak betetzea. Guretzako herritarrak oso garrantzitsuak dira; batez ere, norberak norberanetik egin dezakeena. Edozeineik gauzarik txikienean ere eman dezakeen laguntza, oso garrantzitsua baita guretzako. Politikariek zelan ez, beste ardura bat dute. Eusko Legebiltzarrean pasadan astean gertaturikoa adibidetzat hartuta, politikariei horrelako ekimenei bidea ematea eskatzen diegu. Herritarrok behar dugunari erantzuteko, politikariek eskura beste tresna batzuk dituzte arazo horiei konponbidea emateko. Arazo horiei ardurarekin eta seriotasunez kolpe egiteko eskatzen dugu. Oso egoera larriei buruz ari gara berbetan eta. Euren arduretatik ahal duten guztia egiteko eskatzen diegu.
Plataformatik sinadura bilketa bat jarri zenuten martxan. Zelako erantzuna ari zarete jasotzen?
I.A. Ibon atxilotu eta nahiko arin ipini genuen martxan sinadura bilketa, bai Ondarroan eta bai inguruko beste herri batzuetan. Maiatzaren 31 arte ahal zenik eta sinadura gehien batzea zen gure asmoa. Herri mailan, esaterako, 1000tik gora sinadura batu dira. Herritar bakoitzak sinadura batekin adierazi duen hori, erakunde publikoetara bideratzea da gure nahia. Hau da, Ibonen egoerarekiko dugun kezka, eta 100.2 artikulu hori aplikatzearen eskaera hori helaraztea, behinik behin. Lehenengo eta behin hurbilen dugun erakundera, Ondarroako Udalera, joko dugu. Bertan dauden alderdi politiko ezberdinak eskaera horren aurrean dute jarrera agertzea nahi dugu, eta, ostean, ahal dutena egitea. Hortik jasotzen den erantzunaren arabera, ze aurrerapausu egin behar diren ikusiko genuke.
Aurrera begira zer ekintza bideratuko dira plataformatik? Zer edo zer zehaztuta daukazue?
I.A. Herritarrei Ibon ze egoeratan dagon jakin araztea guretzako orain arte oso garrantzitsua izan da. Aurrerantzean ere bide horretatik jarraituko dugu. Benetan bere egoerak zelako larritasuna duen azaltzea oso garrantzitsua deritzogu; ez bakarrik bere gaixotasunagatik, baizik eta kartzelak hori guztia zenbat okertzen duenagatik. Azken batean, kartzelak bere hurbileko jendearen babesa jasotzeko trabak besterik ez ditu ipintzen. Hori informazio guzti hori herritarren artean zabaltzea da gure asmoa. Astero, gutxienez, kontzentrazio dei bat egiten ibili gara. Asterokotasun horretan jendea mobilizatzea eta kalera irtetzea nahi dugu, eta Ibon etxera ekarri arte horretan jarraituko dugu. Zapatukoa indar hartze bat izan zen. Orain, berriro jarri, ordenatu eta aurrera begira indar horrekin zer gauza berri planteatu ditzakegun pentsatu beharra dago. Azken batean, Ibon eta beste guztiak etxera ekarri arte ez dugu etsiko! Gure asmoa, jendeari mobilizatzeko aukerak ematea da. Jendeak bere ekarpena egiteko aukera izatea. Gutxienez, zer pasatzen ari den jakin gabe inor ez dadila gelditu nahi dugu. Guretzat garrantzitsua da mundu guztiak jakitea zer ari den gertatzen. Honen atzean zer nolako egoera bidegabekoa eta zer nolako sufrimendua dauden jakitera ematea.