Lea Ibarreko udalekuetara izen emateko epea zabalik dago
Ekainaren 13an amaitzen da Lea Ibarreko udalekuetan izena emateko epea. Hain zuzen, eskoletan edo Udaletan apuntatu behar da. Uztailaren 7tik 24ra egingo dituzte aurten udalekuak. 10:00etatik 13:00 bitartean ur jolasak, herri kirolak, euskal gynkana, kamisetak margotzeko tailerra eta beste hamaika ekintza egingo dituzte umeek.
2002 eta 2011 urte bitarteko (biak barne) umeentzat antolatu dituzte. Amoroton, Aulestin, Gizaburuagan, Mendexan eta Munitibarren erroldatutako umeen kasuan, ume bakoitzeko 55 euro ordaindu behar dira. Familiako ume bat baino gehiago apuntatuz gero, prezio merkeagoa izango dute. Esaterako, familia bereko bi ume matrikulatuta 45 euro ordaindu behar dira haur bakoitzeko. Hiru matrikulatuta, berriz, 40 euro ordaindu beharko dituzte. Bestalde, bost udalerri horietako umeak ez direnak 65 euro ordaindu beharko dituzte.
Amorototik, Gizaburuagatik, Mendexatik eta Munitibarretik autobusak irtengo dira udalekuetara joateko.