Bizi duten ametsetik esnatzea kostatzen ari zaie
Xabier Irureta (Berriatua, 1986)
Eibarko atezainari eta
Alain Gandiaga (Markina-Xemein, 1981)
prestatzaile fisikoari. Datorren futbol denboraldian
Lehen mailan lehiatuko da Eibar, gainontzeko talde «handien» kontra. Zapatuko ospakizuna erretinan gordeta izango dute luzaroan seguru. Eibarko herriak futbol taldeari erakutsitako babesa «izugarria» izan da.
Herria urdinez eta gorriz jantzi dute, taldeko koloreekin. «Nik, behintzat, futbolean bizi izan dudan gauzarik handiena da. Autobusetan gindoazela umeak eta pertsona nagusiagoak ere Eibarko kamisetekin ikustean edo balkoi guztiak Eibarko banderekin ikustean konturatzen zara egin duzunagaz, konturatzen zara zelako gauza handia egin dugun herri guztia gugaz dagoen modura egoteko!», kontatu du atezainak.
Iaz Bigarren B mailatik Bigarren mailara igo ziren, eta orduan ere, Eibar zaleek eta herritarrek kaleak bete zituzten merezitako omenaldia egiteko. Oraingoan, baina, «maila bat goragoko» ospakizuna izan da. «Egon zen giro bat Eibarren! Iaz ere handia izan zen igotzea, eta giro ederra egon zen, baina aurtengoa exajeratua izan da! Taldeak ospakizunerako egin duen muntaia handiagoa izan da», azaldu du Gandiagak.
Herritik kanpora ere nabari dute eragina. Irureta Barakaldon bizi da neska-lagunagaz, eta han ere igarri du jendeak ezagutzen duela: «Orain jendea begira geratzen zait, edo galdetzen didate ea neu naizen Eibarko atezaina. Horrek harritzen nau gehien; ikusten da herritik, Eibartik kanpo irten dela gure lorpena».
Domekan ere irabaztera
Denboraldia, baina, ez da amaitu. Domekan Numantziaren kontra jokatu behar dute azken partidua. «Polita izango zen domekan irabazi eta lehenengo geratzea. Urtea gehiago borobiltzeko faltako zen gauza bakarra da», dio atezainak. Irabaztera irtengo dira asteburu honetan ere, orain arte egin duten legez.
Iruretaren berbetan horixe izan liteke taldearen lorpenaren giltzarrietako bat. «Misterrari partiduz partidu joatea gustatzen zaio, eta hala jokatu dugunean gauzak ondo irten zaizkigu. Berdin zaio txarto dabilen bat etortzea edo Deportivo bigarren sailkatua etortzea. Ez du begiratzen zein datorren; jokalariok astebururo partidua irabaztera irtetzea eta dena ematea nahi du».
Eta aurreko asteburuan bezala, inguruko zoramenaz eta pozaz apur batean ahaztu eta partiduan kontzentratuta jokatuko dute. Izan ere, Gandiagak aipatu duenez, teknikoen edo prestatzaileen lanak asko du psikologiatik: «Emozio gogorrak bizi izan ditugu. Ahalegindu behar gara gauzak ahalik-eta normaltasun handienagaz eroaten. Horrek eroan gaitu gauden lekura. Ahalegindu gara ahal den neurrian gauzak modu berean egiten, errutina mantenduz…Teknikook denetarik egiten dugu, eta psikologo lana nahikoa egiten dugu, beharbada gehien horixe».
Berriatuarrak teknikoen lana goraipatu du: «Oso lan ona egin dute gugaz, eta burua goian mantentzen lagundu digute. Beti esan digute pasatzen dena pasatuta ere, lana ondo egin eta gero elkarri aurpegira begiratzeko gai izan behar garela».
Talde lana
Prestatzaile fisikoak entrenatzaile eta teknikoen arteko elkarlana nabarmendu du. Elkarrekin prestatzen dute guztia, haien arteko koordinazioa eta komunikazio ona ezinbestekoak direla dio. «Entrenamendu saio baten atzean lan pilo bat dago. Hori izan daiteke Eibarren gltzarrietako bat; ikusten ez den behar handia egiten dela. Beste batzuen aldean, taldeak bitarteko gutxiago ditu, baina hori konpentsatzeko lan handia egiten da».
Gero izango dute astia gertatutakoa asimilatzeko. Hilabete eskaseko oporraldia ondo aprobetxatuko dute deskonektatu, deskantsatu eta indarrak berrituta denboraldiaurreari ekiteko. «Sinistea kostatzen zait, ez dut asimilatu oraindik datorren urtean zeinen kontra jokatuko dugun. Pentsatzen dut behin lasaitzen hasten garenean, oporretan eta batez ere denboraldiaurrean konturatuko garela benetan non jokatuko dugun eta non egongo garen», dio Iruretak.
Aldaketa gutxi
Uztailaren erdialdera hasiko dira datorren denboraldia prestatzen, eta ostean, talde «handienekin» lehian eta «izarren» kontra nor baino nor aritu beharko dute.
Hala eta ere, diotenez, euren eguneroko zereginean ez dute alderik igarriko. Markina-Xemeingo prestatzaile fisikoak azaldu duenez, «aste barruko lana bera izango da, gu lehenengo mailan egon edo bigarrenean, entrenamenduak orain artekoak modukoak izango dira. Aldatuko dena izango da oihartzun handiagoa izango dutela bai garaipenek bai eta porrotak ere».
Egindako lanagaz gustura geratzea izango da helburua Lehen mailan ere, «beharra, behintzat, ondo egitea eta bakoitzak ahal duen onena ematea», atezainak azaldu duenez. Badakigu Bigarren maila ere liga profesionala dela, baina ez da Lehen maila. Helburua ez dakit mantentzea izango den, baina guk borrokatuko dugu urte guztian, eta pasatu behar dena pasatuko da. Behintzat, norbera pertsonalki gustura sentitu dadila egindako lanagaz».
Urte gogorren osteko saria
Elkarregaz momentu onak eta txarrak bizitzea tokatu zaie Gandiagari eta Iruretagoienari. «Denetarik» bizi izan dutela diote. Prestatzaile fisikoak gogoan ditu aurretik bizitakoak: «Bigarren B mailan lau urte jarraian egon ginen. Mailaz igotzeko kanporaketak jokatu eta hiruzpalau disgustu segituan hartu genituen. Orain bi urtetan lortu dugunak dena konpentsatzeko balio izan du. Klubak serio jarraitu zuen gauzak ondo egiten, eta, azkenean, saria lortu dugu. Bi urtean lortu dugu gehiago ezin dena. Klubak sinistu du bere lanean, berdin segitu du, eta, orain ikusi da hori zela bidea».
Irureta filialean zegoen Eibar Bigarren B mailara jaitsi zenean, eta eurekin entrenatzen zuen. «Ni filialean nengoen Bigarren B mailara jaitsi zirenean, eta haiekin debutatzeko suertea izan nuen. Filialean egon arren euretariko bat sentitzen nintzen eurekin entrenatzen nuelako. Lana eginda saria etortzen da, eta nik pentsatzen dut inork ez genuela espero horrelako gauza handia, eta batez ere bi urte segituan».
Eibarko atezainak dio aurten dena batu zaiola, iazko igotzearen emozioa eta aurtengoa berriro. «Oraindik, ez sinisteagatik edo, gauez lo egitea kostatzen zait, buruari bueltak ematen dizkiot, zer egin dugun, non gauden, zelan lortu dugun…»
Horregatik guztiagatik «pozik eta gustura» daude Eibarren, eta momentuz ez dute euren burua handik kanpo ikusten. Futbolean etorkizunean pentsatzerik ez dagoela eta bizi dutena «gozatzeaz» mintzo dira.
Lehenengo taldea umeentzat
Prestatzaile fisikoak nabarmendu duenez, «Eibarren beti esan izan da Athleticeko eta Realekoak direla erdibana, eta ondoren Eibar herriko taldea eduki dutela. Orain ume asko ikusten dira Eibarko nikiekin kaletik, eta hori guretzat polita da. Orain, badaude belaunaldi batzuk Eibar ondo ikusi dutenak azken bi-hiru urteetan. Eta haientzat Eibar da lehenengo taldea. Galtzen dagoen gauza bat da, eta mantentzea lortzen bada polita izango da».
Izan ere, gaur egun Bartzelonako Messiren edo Real Madrilgo Ronaldoren kamisetekin ume asko dabiltza Euskal Herrian ere. «Herri batean lortzen bada hori gelditzea eta herriko taldekoak izatea, gauza handia da. Ikusiko dugu zenbat irauten duen», esan du Gandiagak.
Momentuz badirau ilusio horrek. Eibar Lehen mailako taldea izatearen ametsa errealitate bihurtu dute. Domekan azken partidua jokatu eta oporretatik indarberrituta bueltatuko dira. «Gogoagaz eta inoiz baino ilusio handiagoagaz helduko gara denboraldiaurrera. Badakigu, teorian, ez dela urte erraza izango, baina lan on bat egiten ahaleginduko gara. Eta norbera egindako lanagaz gustura egon dadila».
Daukaten zoriona igartzen zaie aurpegian, eta begietako distira eta ezpainetako irribarre zabalak iraungo dute haien aurpegian.