HITZAk elkarlanean jorratuko du giza katea
Gure Esku Dago ekimenak giza kate erraldoiaren bitartez, Euskal Herriaren izaera eta herritarren erabakitzeko eskubidea aldarrikatuko ditu, eta mezu hori zabalduko du mundu zabalean. Mezu hori zabaltzen lagunduko du Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzak ere, bai beste herri komunikabideekin elkarlanean bai eta eskualdeko herritarren ekarpenagaz ere.
Gure Esku Dago egitasmoaren giza katearen berri emateko ahalegin berezia egingo da domekan. Lea-Artibai, Mutriku eta Busturaldeko herrieri dagokien kilometroetan egongo dira kazetariak argazkiak atera eta bideoak grabatzen, eta ibilbide guztiko bideo berezia ere grabatuko da.
Bergaran, 33. kilometroan, dauka Mutrikuk bere kilometroa eta han egingo da ibilbide guztiko bideoaren lehen grabaketa. Arrasate eta Elgeta tartean etenaldia eginda, Elorriotik hurbil dagoen Kanpazar hasieran hasiko da grabaketa berriro ere, hantxe, 13. kilometroan egongo dira eta Markina-Xemein, Etxebarria, Ziortza-Bolibar, Munitibar, Aulesti, Gizaburuaga, Ispaster, eta Berriatuko herritarrak. Horrela, Kanpazarren hasi eta Abadiñora arteko tartea grabatuko du kazetariak jarraian, Lekeitio, Mendexa, eta Amorotoren 12. kilometroa, Ondarroaren 11. kilometroa, Busturialdeko herri txikien 10. kilometroa, Gernika-Lumoren 8. eta 9. kilometroak eta Bermeoren 6. eta 7. kilometroak amaitu arte.
Ibilbide guzti horretako irudiak motoz hartuko dituzte bi kazetarik eta soinean txaleko islatzaileak eramango dituzte, Hitzaren logoagaz, herritarrek identifikatu ahal izan ditzaten.
Bideo hori ikusgai egongo da domekan bertan, iluntzean, lea-artibaietamutriku.hitza.eus eta busturialdea.hitza.eus webguneetan.
Astelehenean gainera, kilometroetan egongo diren kazetariek ateratako argazkiekin argazki galeriak sortu eta ikusgai jarriko dira interneteko bi atarietan.
Elkarlana
Era berean, herri ekinbideko 23 komunikabide —tartean Lea-artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitza— elkarlanean ariko dira domekan Gure Esku Dago egitasmoaren giza katearen berri emateko. Era koordinatuan ariko dira Interneten, eta horren erakusgarri izango da osatuko duten argazki bilduma interaktiboa. Mapa hori ikusgai egongo da gaurtik aurrera, eta domekan bertan, argazkiak heldu ahala, osatzen joango da.
Argazki guztiak zentralizatzeagaz batera, bildumak hedabide bakoitzak partekatuko ditu bere webgunean. 25 bilduma egingo dituzte, bakoitzak giza katearen bost kilometro jasoz. Era berean, nahi duten herritar guztiek argazkiak bidali ahalko dituzte Whatsapp bidez —647 31 97 47 zenbakira— zein Twitter bidez, txioetan, #GukErabaki traola jarrita. Parte hartzaileek txio eta Whatsapp bakoitzari dagokion giza kateren kilometroa zehaztu beharko dute.