Irati Anakabe eta Koldo Rodriguez
Konponbidea ekimenak presoen eskubideen aldeko gogoeta topaketak antolatu ditu Lekeition,
zapatuan 18:00etan, Barandiaran aretoan. Ekimena
esparru eta ideologia anitzeko jendeak bultzatzen duela, eta «
giza eskubideak, konponbidea eta bakea» aldarrikatzen dituela azaldu dute Koldo Rodriguez eta Irati Anakabe lekeitiarrek.
Zer dela eta sortu da Konponbidea ekimena?
Euskal jendartearen gehiengoak gatazka atzean utzi eta aurrera egin nahi du. Horrela adierazi du egin diren mobilizazio erraldoietan. Horien artean aipatzekoa, Giza eskubideak, konponbidea, bakea lemapean, urtarrilaren 11an 130.000 pertsona batuz Bilbon egindakoa. Lema horrek barnebiltzen du gehiengoaren adostasuna. Euskal Herriko gehiengo sozialak, preso eta iheslarien giza eskubideen aldeko aldarrikapenarekin bat egiten du. Giza eskubideak denon ardura dira. Alderdikeriak alde batera utzi, eta herri honetan konponbidea eta bakea lortu nahi bada, gutxieneko batzuetan ados jarriz, herritarren nahiari bidea emateko sortu zen.
Noiz sortu zen?
Eremu eta sentsibilitate ezberdineko pertsona ezberdinek, gehiengoaren adostasuna barnebiltzen duen, San Telmoko adierazpena publiko egin zuten Martxoaren 15ean. Ez dugu ulertzen ezta onartzen ere, gobernu desberdinek, konponbidea lagundu beharrean oztopoak jartzea. Ezin dugu zain segitu. Herri honek zilegi eta beharrezko du giza eskubideen aldeko lana. Horregatik, nitasunetik, gutasunera pasatzea porposatzen da. Eta «gu» honetara borondate berdina duten herritar guztiekin, sare indartsu eta geldiezin bat osatzea. Herritarren sarea osatzera bidean, Apirilaren 12an Eskoriatzan Herritarren Topaketak burutu ziren. Eta hemendik aurrera, herri guztietara zabaltzen hasi zen.
Zer dago bere atzean?
Herritar sare honen atzean, giza eskubideen alde eta konponbidearen alde dagoen edozein egon daiteke. Preso eta iheslarien eskubideak errespetatuak izan daitezen lan egingo dugu. Lehen neurri urgente bezala, salbuespen neurriekin bukatzea da; beraien ingurune sozial afektibotik hurbilen dagoen espetxean zigorra betez, gaixotasun larriak dituztenen kaleratzeari bide emanez eta bizi osorako zigorra ahalbidetzen duten neurriak indargabetuz. Eta presoak bezala, iheslari eta deportatuak herriratu daitezen bideak bilatu beharko dira. Lehentasunezko erronka dispertsioarekin bukatzea delarik. Orain dela 25 urte hartutako erabaki politiko honek, hainbeste sufrimendu eragin duena, eten daiteke. Horretarako, giza eskubide hauek urratzen dituzten legeak aldatu behar badira, aldatu daitezela. Aurrerago, konponbide osoarekin batera, preso eta iheslari guztiak etxean egon daitezen lortu behar dugu. Horrek batzen gaitu. Adostasunean oinarritutako bidea egin nahi dugu, jendartearen nahia errealitate bilakatzea da gure erronka.
Zein da Lekeition egingo diren topaketen edo jardunaldien helburua?
Lekeition ere herritarren sarea osatzera bidean pausoa ematea izango da helburua. Herritarren protagonismoa eta inplikazioa bilatzen dugu. Ideiak elkar trukatu, elkarlana bultzatu, eztabaida sustatu. Gutxieneko batzuen inguruan ados jarri eta lanean hasteko mugarri izatea nahiko genuke topaketa hauek.
Topaketak zeini zuzenduta daude?
Giza eskubideen, konponbide eta bakearen alde dagoen lekeitiar orori irekita daude. Sigla politikoen gainetik , herritarren garaia da, lanean hasteko, eta beraz jende guztiak dauka zer esana. Aniztasuna oinarri, pertsonen parte hartzea, sormena, ilusioa eta konpromisoa bideratu nahi duen sare herritarra izan nahi dugu.
Zelako egitura izango du ekimenak?
Topaketen helburuetariko bat horixe da: zein egitura izango duen definitzea. Argi daukagu ez dugula nahi egitura zurrunik. Zabaltasuna bilatzen dugu, parte hartzea sustatuko duena. Eremu ezberdinetako pertsonen inplikazioa, inplikazio maila ezberdinak, herritarren aktibazioa.