Mikel Iriondo
Ume-umetan, zazpi urte besterik ez zituela, Elena Fernandezekin hasi zen Ondarroako Igeri Taldean
Mikel Iriondo Anakabe (Ondarroa, 1979). Orduz geroztik, hainbat sari eta txapel lortu ditu, baina horietatik aipagarriena edo bereziena, beharbada, maiatzaren 10ean beste hiru lagunekin lortu zuen
4 x 100 metroko errelebu libreetako masterren munduko errekorra da. Hain zuzen ere, Gunma Takeshi talde japoniarrak 2013ko azaroan jarritako errekorra hautsi du Mikel Iriondok,
Mikel eta Iñaki Bildosola anaiekin eta Jokin Olabarrietarekin batera. Lehen, 4 x 100 libreetan 3.31.07koa zen marka, eta orain ia lau segundutan hobetu dute lau bizkaitarrek;
3.27.54 denboran ezarri dute errekor berria.
Zelan bururatu zitzaizuen munduko errekorra prestatzen hastea?
Orain hilabete batzuk igeriketako Europako txapelketak egin ziren Herbereetan. Mikel eta Iñaki Bildosola anaiek eta Jokin Olabarrietak txapelketara joateko norbait behar zuten bizkar estiloan aritzeko. Lehendik ere Bizkai mailan eta Euskadi mailan ondo nenbilen, eta nirekin bat egitea erabaki zuten. Egia esan, aurretik ere ezagutzen nituen hirurak Euskadiko selekziotik, han ere batera ibili ginelako. Igeriketan ez gabiltza jende asko, eta denok ezagutzen gara. Iruñeako Gamesa enpresan beharrean aritu ostean, langabezian geratu naiz. Hiru igerilariek txapelketan eurekin parte hartzera animatu ninduten eta berriro hasi nintzen entrenatzen.
Zer nolako emaitzak izan zenituzten Europako txapelketetan?
Emaitza oso onak eduki genituen. Estilo ezberdinetako errelebuetan lehen postuan geratu ginen, eta norbere probetan ere ondo ibili ginen.
Lortu berri duzuen emaitza lortzeko, zelan hasi zen dena?
Orain bi edo hiru hilabete, Bildosola anaietako bat orain arte errelobuetan zeuden errekorrak begiratzen hasi zen. Orain arte ezarrita zeuden denborak ikusi eta guk egiten genituen denborekin alderatuta, errekorra lortzea posible izango litzatekeela pentsatu zuen. Horrela ba, helburu hori lortzeko prestatzen hasi ginen laurok.
Munduko errekorra lortu zuten lau lagunak
Errelebuetan errekorra lortu zenuten lau lagunetatik zenbagarren egin zenuen dzanga uretara?
Hirugarren salto egin nuen. Lehenengoak, Mikel Bildosolak, sekulako denbora egin zuen. Normalean, lehen postuan, arinenak irtetzen du. Bigarren, Iñakik, Mikelen anaiak, irten zuen, eta haren atzetik nire txanda izan zen. Laugarren, eta azken, Jokin Olabarrieta sartu zen uretara.
Zelan gogoratzen dituzu uretara dzanga egin aurreko azken momentuak?
Oso urduri nengoen. Egia esan, egiten ari ginena ez zen edozelako gauza. Errekorra lortzea posible genuela ikusita gainera, urduriago jarri nintzen.
Zer pasatu zitzaizun burutik uretara salto egin aurretik?
Ea errekorra lortzen genuen pentsatu nuen. Eta lortzen bagenuen, sekulakoa izango zela .
Errekorra lortu berritan, zelan sentitu zinen?
Pozez gainezka. Egia esan, posible zela uste genuen, baina behin errekorra lortu genuela ikusita, sekulakoa izan zen laurontzat.
Nork ziurtatu zuen errekorra?
Bizkaiko Igeri Federazioko epaileak egon ziren bertan errekorra lortzen saiatu ginenean. Modu horretan, dena formalizatua geratzen zen, legearen barruan, alegia. Lortutako errekorra, Espainiako Igeri Federazioara bidali zuten Bizkaiko Igeri Federazioko kideek, eta orain bi aste onartu zuten. Handik, Nazioarteko Igeriketa Fedaraziora eramango dute eta han onartuko dute guk egindako errekorra. Denbora beharko dute onarpena emateko.
Errekorra lortzeko ze zailtasun izan dituzue?
Gogor entrenatu behar izan gara. Horrek guztiak, diziplina bat eskatzen du.
Astean zenbat aldiz entrenatzen duzu?
Domeketan izan ezik, beste egun guztietan entrenatzen dut nire kontura, Markina-Xemeingo kiroldegiko igerilekuan.
Eta saio bakoitzean zenbat denbora egiten duzu?
Ordu eta erdi egiten ditut saio bakoitzeko. Aldaketarik ezean, lau kilometro eta erdi egiten ditut igerian.
Beti bakarka entrenatzen al duzu?
Ez, ez. Getxon ere batu izan gara laurok. Nahiz eta, gehienetan bakoitzak bere kontura entrenatzen duen.
Zergatik aukeratu zenuten Santurtzi errekorra lortzeko?
Mikel Trueba zenaren omenez master txapelketa antolatu zuten bertan. Bera ere igerilaria izan zen. Tartean gure errekorra egiteko tartetxoa eman ziguten.
Marka hau alde batera utzita, punta-puntako beste marka batzuk ere lortzen ari zara. Ezta?
Gazteago nintzenean marka onak lortu nituen. Orain, master mailan hainbat errekor lortu ditut.
Zeintzuk?
Master mailan bizkarreko Espainiako errekorra egin dut 50 metrotan, 100 metrotan eta 200 metrotan.
Mikel Iriondo
Masterretan ala absolututan zaude lortzen marka hobeak?
Absoluto mailan marka hobeak egiten nituen, baina askoz hoberik ere ez. Orain, master mailan marka horiek egitea nahiko pozgarria da niretzat.
Normalean beste herrialde batzuetakoek lortzen dituzte errekorrak. Oraingoan euskaldunak izan zarete.
Oso positibotzat jotzen dut hori. Historia egin dugula uste dut. Euskal Herri mailan munduko errekorrik ez du inork lortu orain arte igerian eta. Ahal dugun bitartean hor jarraituko dugu.
Zein desberdintasun dago absolutu mailan igerian egitetik master mailan egitera?
Orain, gaztetan baino presio gutxiago dudala esango nuke. Presio gutxiago edukita, beste filosofia batekin hartzen da lehia, eta hobeto irten dezakete gauzek. Gaztetan, esate baterako, gauzek nahi bezala irtetzen ez zutenean, presioapean geudenez, norbere buruarekin ernegatu ere egiten ginen. Orain, gehien bat, gozatzera joaten naiz. Bien bitartean, marka onak egitea lortzen baldin badut, ongi, bestela, ez da ezer gertatzen.
Arraun munduan ere ibilitakoa zara. Noiz utzi zenuen arrauna eta igeriketarekin jarraitu?
Orain urte eta erdi inguru, beharrik gabe gelditzean, bueltatu nintzen berriro igerira. Hala ere, tarte horretan, nire kontura itsas lasterketak ere egiten nituen. Arraunean aritu banintzen ere, igeriketa ez nuen guztiz alde batera utzi. Iruñean bizitzen egon nintzen beharra zela eta, eta han ez nuen behar beste denbora edukitzen igerian aritzeko. Lan gabe geratzean, bueltatzea erabaki dut.
Itsas lasterketak aipatuta, zein da zure gustukoena?
Getaria eta Zarautz artekoa gustuko dut. Inguru hauetan, gainera, garrantzitsuena eta ezagunena da. Aurreko urtean ere parte hartu nuen.
Zenbagarren egin zenuen?
Ondo ibili nintzen, hamargarren postua lortu nuen. Egia esan, mila igerilari baino gehiago joaten dira eta hamargarren geratzea ondo dago. Horrez gain, Ondarroakoa ere asko gustatzen zait. Txikitatik aritu naiz bertan lehiatzen, eta ilusioa egiten dit bertan parte hartzeak.