Espainiako Auzitegi Nazionalak
absoluzioa eman die 26/11 auzian epaitutako 40 gazte independentistei. Urrian hasi zuten horien kontrako epaiketa, eta gaur eman du epaia auzitegiak.
Eleak mugimenduak eman du ebazpenaren berri, Twitter bidez.

40 gazte
Segi gazte antolakundeko kide izatea egotzita epaitu zituzten, iazko urriaren 14tik aurrera. Seina urteko kartzela zigorra eskatu zuen fiskalak —denera, 240 urtekoa—, batik bat, inkomunikazio aldiko deklarazioetan oinarrituta. Goizane Pinedo, Unai Ruiz, Irati Mujika eta Idoia Iragorri ez ziren epaiketara aurkeztu, bideo batean adierazi zutenez, ez diotelako eurak epaitzeko zilegitasunik onartzen Auzitegi Nazionalari. Gerora, ordea, laurak atxilotu zituzten.
Fiskaltzak berak zalantzan jarri zuen, 26/11 sumarioko gazteen kasuan,
tortura salaketak ikertzeko auzitegiek egindako lana. «Salaketa judiziala jarri den kasuetan, baieztatu egin beharko da ea ikerketa eraginkorrik egon den», esan zuen Luis Barroso fiskalak: «Gure ustez, ez da egon ikerketa judizial eraginkorrik».
Berrogei euskal herritar ezagunek sinatu zuten berrogei gazteak aske uzteko eskatzen zuen azken alegatua. Sinatzaileen artean zeuden, esate baterako, Jesus Egiguren PSE-EEko presidentea, Txema Montero abokatua, Amets Arzallus bertsolaria eta Irati Jimenez idazlea ere. “Harresiak zeuden lekuan” zubiak eraiki behar direla azaldu zuten, eta justiziaren arloan ere halaxe egin behar dela: “Bada arrazoibide eta tresna juridiko aski epaiketa honen emaitza bakearen aldeko urrats txiki bat izan dadin. Justizia garai berri baterako trantsizio ikuspegitik aplikatzen hasi behar da”. Alegatu horren esku utzi zuten azken hitza gazteek epaiketaren amaieran.
Erreakzioak:
Karmelo Landa (‘Herriko tabernen’ auziko auzipetua): “Oso pozgarria da erabakia. Lehenengo eta behin, esan Espainiako Auzitegi Nazionalak hartu duen erabaki hori auzipetuei Euskal Herritik erakutsi izan dieten elkartasunaren eta borrokaren ondorio zuzena dela. Euskal herritarrek erakutsi duten mobilizaziorako ahalmena indartsua izan da. Gainera, sententzia horrek konfiantza ematen digu, uste baitugu gainontzeko sumarioetan ere eragina izango duela, baita gurean ere. Beraz, irekita dauden sumario guztiak ixteko aurrekaria izan beharko litzateke, behingoz Euskal Herrian askatasunari eta bakeari bide emateko”.
Gaizka Likona (auzipetua): auzipetuak 13:10ean jakin du absolbitu egin dituztela, Kepa Manzisidor abokatuaren bitarteaz. Pozez jaso du albistea, eta ezustean: “Oraindik ez dakigu epaiak zein oinarri daukan, zer dioen. Blokeatuta nago, guztia bere lekuan ipintzen”, adierazi dio Hitzari. Adierazi duenez, “ezustean” hartu dute epaia, ez zuten-eta pentsatzen guztiak absolbituko zituztenik. “Gure inpresioak ez ziren onak, denok libre geratuko ginenik ez genuen inork espero. Alde horretatik ezustekoa izan da. Oso pozik nago”.
Zurine Gojenola (auzipetua): “Gaizkak (Likona) eman dit albistea. Epaiketa honeri dagokionez 40 gazteen
absoluzioan salto kualitatibo bat egon dela ikusten dut, lorpen bat izan da eta asko poztu naiz. Erabaki honek oinarri sendoak edukitzea eta aurrera begira ere bide horretatik segitzea espero dut. Gure osteko epaiketetakoek lasaitasun apur bat hartuko dute eta ea eurentzat ere pausu honek balio duen. Aste honetan izan da Gure Esku Dagoren giza katea eta
erantzuna herritarren esku dagoela argi baneukan, gaur argiago daukat oraindino. Gatazkaren konponbidea herritarron esku dagoela sinistuta nago eta ea pausoak ematen jarraitzen dugun. Alde pertsonalari dagokionez, nire lasaitasunean baino gehiago, etxekoek hartuko duten lasaitasunaz pentsatzen dut. Bestalde, Lekeitioko jendeak babes handia eman digu Gaizka Likona eta bioi eta hori ezelan ere ezin da ordaindu.
Gordeta edukiko dugu betirako“.
Bizkaian EH Bilduren bozeramale den
Maribi Ugarteburu amorotoarrak ere pozez hartu zuen atzo Espainiako Auzitegi Nazionalaren erabakia. «Holako epaiketa guztik politiko eta antidemokratikoarengandik espero zitekeen sententzia bakarra auzipetuak libre uztearena zen; eta, zorionez, hori gertatu da». Epai hori aurrera jarraitzeko baliatu beharko luke gizarteak, Ugarteburuen ustez, «baina, batez ere gazteek, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen alde eta independentziaren alde egunerokotasunean eta modu antolatu batean borrokatzeko».
Epaiketa politiko ugari egin dituztela gogoratu du Maribi Ugarteburuk. Halaber, 35/02 sumarioko epaiketan argi geratu zen deliturik gabeko eta frogarik gabeko epaiketa zela esan du.
Hala ere, euskal herritarren kontrako
epaiketa politiko ugari egin dituztela gogoratu du, eta, dioenez, Espainiako estatuak ez du beti logika demokratiko eta juridiko bera erabiltzen. Hori dela eta, Espainiako Auzitegi Nazionalak atzo jakitera eman zuen erabakiak oraindik zabalik dauden gainontzeko epaiketa politikoengan eraginik izango duen esaterik ez dagoela uste du EH Bildukoak, «Espainiako Estatuak unean uneko interes politikoen arabera jokatzen duelako». 35/02 sumarioko epaiketan argi geratu zen
deliturik gabeko eta frogarik gabeko epaiketa zela, «ebidentzia bakarra zen auzipetutako pertsona horien ibilbide politikoa, eta inor ez lukete horregatik zigortu beharko. Libre uzteko erabakia da guk onartuko dugun sententzia bakarra, baina ezin jakin zer gertatuko den». Sententziak sententzia, lanean jarraituko dutela esan du Ugarteburuk, «herriaren normalizazio demokratikoaren alde, eta epaiketa politikoei aurre eginez».
Gogoratu nahi izan du, gainera,
epaiketak ez direla amaitu, atxiloketen eta inkomunikazioaren katea ez dela apurtu, eta, kontestu horretan, martitzen goizaldean galdakaon atzeman zuten Tomas Madina Etxebarriaren atxiloketa oso larria eta salagarria dela.
Bingen Seijo (Lekeitioko Libre taldeko kidea): “Absoluzioa ondo topatu dugu, pozten gara, baina oraindik epaiaren zain dauden euskal herritarrak daude, epaiketen zain dauden euskal herritarrak daude, eta horiek guztiak bertan behera ixteko sasoia da. Azken urteotan herria bakebide prozesuan dago, eta Espainiako Estatuak bere horretan jarraitzen du; errepresioagaz amaitzeko sasoia da. Hor daude egunotako atxiloketak. Uste genuen batzuk libre utziko zituztela, eta beste batzuk kartzelara bidaliko zituztela. Ia jarraitzen dugun albiste onak izaten. Bada garaia”.
2009ko sarekada
Ia
lau urte lehenagoko sarekadan du jatorria epaiketak. 2009ko azaroaren 24ko gauean izan zen. 34 gazte atxilotu zituzten Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, Fernando Grande Marlaska epaileak agindutako operazioan. Beste zazpi gaztek ihes egitea lortu zuten, eta Auzitegi Nazionalaren atarian —epaile aurrean aurkeztera joanda—, Lapurdin eta Erroman atzeman zituzten beranduago. 650 polizia eta guardia zibilek parte hartu zuten, eta Euskal Herrian izan zen Grande Marlaska bera ere. Ehun miaketa baino gehiago egin zituzten.