Domekan, 12:00etatik aurrera, Bizkaiko Harrijasotze Txapelketa jokatuko da Ondarroako frontoian. Bertan Mendiolako
Urdax Magunazelaia, Arantzazuko
Bernado Ureta Urpe, Ermuako
Zelailuze eta
Inhar Urruzuno ondarrutarra,
iazko txapelduna, nor baino nor ariko dira.
Hiru harrigaz, 113 kiloko zilindroagaz, 113 kiloko kubikoagaz eta 100 kiloko bolagaz,
hiru minutuan altxaldi gehien egiten dituenak lortuko du aurtengo txapel preziatua.
Bizkaiko Herri Kirol Federazioak antolaturiko txapelketa hori lehenengoz egingo da Ondarroan, eta tartean, Inhar Urruzuno Pagoaga (Ondarroa, 1987) bere iazko marka hobetzen eta txapela etxeratzen saiatuko da.
Aurreko urtean, Gorozikako txapelketan 69 jasoaldi lortu zituen.
Zure aurka ariko diren beste hiru harrijasotzaileak zelan ikusten dituzu?
Urdax oraindik ere oso gaztea da. Gaur egun ez da nire mailan egongo, baina laster ailegatuko da. Beste biak ondo ikusten ditut.
Eta zure burua, zelan ikusten duzu?
Oso gogotsu. Txapela berriz janzteko gogoagaz nago. Mailarik onena ematera aterako naiz Ondarroako frontoira.
Aukeran egongo diren hiru harrietatik zein da zuretzako errezena?
Horietatik hirutetatik errezena kopa da.
Eta zailena?
Dudarik gabe, kubikoa.
Zer dela eta?
Kubikoak teknika asko eskatzen du. Kopak, ostera, ez du hainbesteko teknikarik eskatzen.
Noiz hasi zinen harrijasotzen?
Beti gustatu izan zait harrijasotzea. Txikitan eta erakusketak ikustera asko joaten nintzen, eta gero kuadrillakoak ere harrijasotzen hasi, eta eurekin hastera animatu ninduten.
Non entrenatzen duzu?
Mallabian Zelai harrijasotzailearekin entrenatzen dut astean bi edo hiru bidar. Harri desberdinekin entrenatzen dut, prestatu behar dudan txapelketaren arabera.
Zelako harriekin?
Batez ere harri txikiagoekin ibiltzen naiz. Hori da nire berezitasuna. Eurekin gero, jasoaldirik eta gehien egiten saiatzen naiz. Horrek guztiak erresitentzia asko izatea eskatzen du, eta horretarako, arnasa oso ondo landu behar izaten da.