Bihar hasi eta astelehenera bitartean Pazko jaiak ospatuko dituzte Amorotoko Oleta auzokoek. Adin eta gustu guztientzako jaiak prestatu dituzte; ez da umorerik falta izango.
Publiko gazteari begira, «egunik potoloena» biharkoa izango da. Azken urteetan legez, iluntzeko tortilla txapelketagaz hasiko dituzte jaiak. «Tortilla txapelketa kontzertuak hasi aurretik jendea batzen hasteko aitzakia bat besterik ez da. Jai giroan sartzea da hor garrantzitsuena», azaldu dute .
Tortillak egiten barre batzuk bota ostean, kontzertuekin hasiko dira.
Mc Onak talde lekeitiarrak emango die hasiera kontzertuei. Ostean,
Governors eta Gora Herria taldearen erromeria egongo dira goizeko ordu txikiak arte.
Aurten, estreinako, Gababusa ipini dute; bihar Lea-Artibaiko herrietatik ailegatzeko aukera egongo da. Horrez gain, 22:00etatik 06:00etara zuzeneko joan-etorriko autobus zerbitzua egongo da Lekeitioko Eskolapetik Oletara.
Ohitura zaharrak berreskuratuz
Etziko eguna, urteroko mezagaz hasiko dute, eta ostean, Amorotoko Arta Nagusi taldeak euskal dantza saioa egingo du, zelaian.
Arratsaldean herri kirolen tartea izango da. Aurten, berritasun legez, gizonen eta emakumeen arteko probak egingo dira. Mendaroko taldeko zortzi gizon eta zortzi emakume nor baino nor ariko dira. «560 kiloko harriarekin neskek tiratuko dute lehenengo, eta ostean, mutilen taldea neska taldearen marka bikoizten ahaleginduko da. Hori izango da desafioa».
Herri kirolak amaitzean euskal erromeriako garaietara bueltatuko dira oletarrak Imuntzo eta Beloki trikitilariekin batera. «Aspaldi batean beti egin izan zen Oletako jaietan erromeria, eta hori berreskuratu nahi izan dugu».
Beti-betiko ekintzak
Astelehen arratsaldea umeei zuzendutako ekintzaz beteta egongo da, eta gaua, berriz, klasikoek beteko dute. 23:00etatik aurrera Egan taldeagaz hasiko da jaietako azken gaua. Kantaldiaren tartean, urtero plaza bete-bete egiten duen beste klasiko bat egongo da: 00:30ean gizon eta emakume strip- tease-ak egongo dira.
Jai batzordearen ekimenez, astelehen gauean ere, Lekeitio eta Oleta batzen dituen autobus zerbitzua egongo da: 22:30etik 00:00etara Eskolapetik Oletara joateko aukera egongo da, eta buelta egiteko, ostera, 02:30etik 04:00etarako tartea izango da.
Egitaraua
Bihar
- 20:00etan. Kuadrillen arteko tortilla txapelketa.
- 23:00etan. McOnak, Governors eta Gora Herria erromeria.
Etzi
- 12:30ean. Meza.
- Ostean. Amorotoko Arta Nagusi dantza taldearen saioa.
- Eguerdian. Amaia eta Ianire trikitilariek alaituko dute giroa.
- 18:30ean. Desafioa: gizonen eta emakumeen arteko probak.
- 19:30ean. Erromeria.
Astelehena, ekainak 16
17:30ean. Haur eta gazteentzako ohe elastikoak, puzgarri erraldoiak eta jolasak.
- 23:00etan. Erromeria Egan taldearekin.
00:45ean. Gizon eta emakume strip-tease-a.
Ostean. Egan taldearen erromeriaren jarraipena.